Nire aitaita duela 113 urte jaio zen gaurko egunez. Esan nizuen duela urte asko blog honetan bertan: Juan zuen izena. Juan Zaldua Mendizabal. Beno, Juan Pantaleón, baina zorionez ez zion inork hala deitzen. Sei anaietatik gazteena izan zen eta ikasketak jaso zituen bakarra. Botika batean egiten zuen lana, oso gazte zelarik, eta hango nagusiak esan omen zien gurasoei saiatzeko mutila ikastera bidaltzen. Azkarra zela. Komertzioa ikasi zuen aitaitak eta hogeita sei urte zituela, Rojo Zaldua sortu beste bazkide batzuekin batera.
ANVko zinegotzia izan zen gerra baino lehen -ANV "autentikokua"-. Gerra ostean, galtzaileen zama gainean hartu, eta aurrera egin zuen. Alaba, nire ama, militar baten semearekin ezkondu zitzaion. Ez zuen ezer esan. Fabrikak aurrera jarraitu zuen. Eta familiak. Eta bizitzak. Fabrika Zumarragako trenbide ondotik herritarrentzat osasuntsuagoa den leku batera mugitu zen duela ez asko. Eta orain, momentu berezi batean aurkitzen da. Nolabait tristetzen nauen momentu batean, baina ekidin ezin daitekeena. Tira, horrelakoak dira negozioak.
Geunden enpresa handia utzi eta La Personnalité sortu genuenetik oso presente eduki dut beti aitaita. Berak zer pentsatuko, zer esango, zer egingo. Eta salto ematearen erabakian ere, parte handi bat berari zor diodala uste dut. Bera izan da benetan miretsi, idealizatu eta ia heroi bilakatu dudan pertsona bakarra. Eta bere zintzotasuna eta zuhurtasuna ez da inolako "startup" edo "ekintzaile" liburutan agertuko. Ez duzue berari buruz ezer irakurriko interneten (hau ez baldin bada) eta ez dute hitzaldietan aipatuko. Baina niri, edozerk baino gehiago balio izan dit bere ereduak.
Gaur aitaitarekin akordatu naiz beste behin ere, amak bere urteak izango zirela aipatu didanean. Etxera itzuli eta zerbait idatzi nahi izan diot. Labur eta xume, berari idazteko gauza asko ditudan arren. Zen bezala, umil eta apal, eskerrak emateko.