Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Prozesuak eta helburuak

Cristobal Balenciaga Museoan izan nintzen larunbatean. Errazena Camio, paineluak, arkitektoa, diru isurketa eta inoiz jakingo ez ditugunei buruz hitz egitea litzateke. Edo inaugurazioan agertu ziren "celebrities"-ei buruz. Baina diseinua (diseinua zentzu zabalean) maite duen sentimental bat naizenez, zera bakarrik bururatzen zait: Cristobal Balenciagaren lanak museo bat, txalo zaparradak eta bururatzen zaizkidan laudorio guztiak merezi dituela. Itzal guztien gainetik egon behar du horrek. Eta itzalengatik ordain dezatela ordaindu behar dutenek, baina ez Balenciagaren izenak eta memoriak. Kitto.

balenciaga prozesua

Prozesuak eta helburuak. Azken aldian askotan etortzen zait burura, prozesu, teknika eta tresnei garrantzia handiegia ematen zaiela gure gremio hontan. Halako diktadura bat ezarria izan dela, eta hori azken produktua eta erabiltzailearen kalterako dela beti. Errazagoa delako teknologian halako fede itsu bat izatea, buruari bueltak ematea baino. Prezio garestia da hori.

Balenciagaren Museoak eskaintzen duen ibilbidearen azkeneko partean bere obrarik esanguratsuenak daude. Soineko ederrak dira, diseinuaren definizioaren adibide paregabeak. Forma dute. Funtzioa dute. Ederrak dira eta era berean, eramangarriak. Modetatik at daude eta nire sentsazioa da halako soinekoren batean, edozein emakume egongo litzatekeela eder eta eroso. Sormen prozesu bat ikusi dezakegu bakoitzaren alboan dagoen animazio txiki batean. Baina batez ere, helburu estetikoak, anatomikoak, praktikoak eta zergatik ez, filosofikoak betetzen dituen pieza bat agertzen zaigu parez-pare. Helburu horiek gabe, Balenciagaren teknika zorrotzak ez luke inolako zentzurik.

Ea batzuei buruan sartzen zaien.

PS: Pataleta ilustratzeko irudi batzuk lapurtu nituen. Beti amets egin dut museo batean lapurtzearekin, eta soinekorik eramateko aukerarik izan ez nuenez (ez zitzaidan kolekzio guztia ohostutzeko gogoa falta), ideia pedante samar bat eraman nuen nirekin. Barkatuko didate eta didazue.