Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Urrezko bareak

Askotan jaso izan ditut, arrazoi osoz, ñoñostiar ia guztiek bezala, "probintzia" delako ente hori oso gutxi ezagutzen dudanaren kritika. Berriz diot badaezpada ere: arrazoi osoz. Ondo ezagutzen dudan herri bakarra (eta gero eta gutxiago, agertzen naizen bakoitzean zeharo aldatua aurkitzen dudalako) Zumarraga da, dakizuenez, ama hangoa dudalako. Beno eta Hondarribia, kontatzera ez noan arrazoi lotsagarri batengatik.

Gaur ñoñostiarrok hain gurea dugun alferkeria kroniko hau alde batera utzi eta aitari bisita egitera joan natzaio Beasaineko Igartzan ireki berri duten Done Jakue bideko aterpetxera. Hamar egunez egon da aita han zaindari gisa eta bihar (beno, jada gaur) Donostian bueltan izango da berriz. Adarra jotzen hasi natzaio, ea inguruko jendeak dagoeneko ezagutzen al duen. Baietz erantzun dit (ez nuen besterik espero). Amaiera aldean agertu den Antonio delako batek nire burlari jarraituz esan didanez, hurrengo urtean "Urrezko barea" saria emango diote aitari, handik agertu diren Done Jakue bideko erromes gutxiekin gida eta ambassador lanak egiteagatik. Halakoxea gure aita. Done Jakue bidearekin truenea sartu zitzaion jubilatu ostean, eta 76 urterekin oraindik hala dabil, erromesak (hauek, ez Benediktorenak) laguntzen. Ni han agertzeak ilusioa egingo ziolakoan nago. Horrexegatik bakarrik, merezi izan du Irun-Brinkola ziraragarria hartzea.

Gustatuko litzaidakeen arren, ez, ez naiz Michael Palin. Ez espero halako kronika zoragarririk. Bi ideiakin gelditu naiz bi ordutan. Eta bi proposamenekin.

Igartzako jauregiari eta multzoari orohar, WIFIa jarri eta aulkien disposizioa aldatuz gero, nik halako barcamp edo deskonferentzietarako sede tankera polita hartu diot. Baina ez dit inork kasurik egingo, noski.

Eta gero, bidean aurkitu ditudan Dizebiren begiradek halako nortasuna ematen diote inguruari. Indarra dute. Sekulakoa. Eta zer nahi duzue esatea, norbaitek margoz-margo halako tour bat antolatuko balu, nik gustura jarraituko nukeela. Gutxi batzuk harrapatu ditut eta gehiago ikusteko gogoarekin gelditu naiz. Hontan ere ez dakit inork kasurik egingo didan. Ez dut uste. Orain-en egin zioten bideoarekin konformatu behar. Ikusi ez dudan herriaren beste %50a ezagutzeko aitzaki bezala erabiliko dut.

"Urrezko danborra" sekula emango ez didatenez (Donostiarekin kritikoekia izateagatik), "Urrezko barea" lortzeko lehian sartuko al naiz? ;)