Asteko aplikazioa (urtekoa esango nuke nik, egun gutxi hauetan Teknologia Berrien inguruan geratutako apurrari erreparatzen badiogu, Steve Jobs-en baja alde batera utzita) Spotify izan da zalantzarik gabe. Askok esan dute "ea zenbat irauten digun txolloak". Nik diot, tira, ondo pentsatuta eta lotuta izango dituzte zirrikitu legal guztiak honelako zerbait abiatu baino lehen.
Zer da ba Spotify? Hitz gutxitan: musika entzuteko aplikazio bat. Eta zer du ba berezia? Ba musika ez duzula zuk zure disko gogorrean. Musika beraien(?) sarean dago. Eta musika asko dago. Musika zerrendak sortu eta konpartitu daitezke. Eta zure erabiltzaile eta pasahitza duzunez, zerrenda nonahi entzun zenitzakeela uste nuen. Baina etxean eta lanean probatu ondoren, ikusi dut ez dela horrela... oraindik.
Musika aplikazioak probatzeko beti erabiltzen ditudan bi taldeen bilaketa egin nuen: They Might Be Giants (EEBBetako talde arraro xamar bat) eta Mocedades (Uranga brothers and sisters, retrokitsch bilbotar pixka bat). Eta esan beharra daukat, nire usteari kontra eginaz, bigarren honek emaitza hobeak eman zituela (eta bide batez, La Personnalité-ko HQ-an bakarrik nengoela, goiz osoa pasa nuela "Eeee-reeees-tuuuuuu" bortxatzen.
Honeraino, Dorothy, Oz-eko Magoan bezala.
Alde txarra? Doako bertsioa erabiltzeko gonbidapena behar dela. Edo, tatxan! Worldgate jaunak emandako helbidea erabili, tranpa pixkat eginaz. Bigarrena? Zenbaitetan etenak egoten direla, zerbitzariek jasan behar dutenagatik, norberaren konexioagatik, edo auskalo zergatik. Eta hirugarrena, Mac eta Windowserako bakarrik dela. Beraz, adiskide linuxeroek Wine erabili beharko dutela.
Ale, They Might Be Giants-en "I palindrome I"-ekin uzten zaituztet. Lotura irekitzeko aplikazioa instalatu behar duzue. Testuaren puntu honetaraino iritsi baldin bazarete dagoeneko egingo zenuten, ezta?