Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Samin izeba

2023ko irailaren 21ean Berrian argitaratutako artikulua.

Lotsaraztekoa da, badakit, baina beti interesatu zaizkit kontsultategiak. Gizakion beldur eta kezken erakusleku zirraragarriak iruditzen zaizkit, proportziorik gabeko beldurren eta gutxietsitako arriskuen galeria bat. Badira oraindik kontsultategiak dituzten komunikabideak, erantzukizunez jokatu nahian edo/etaInterneteko konpententzia izugarria dela eta, sail hauek desagertzen joan diren arren. Badira oraindik gaueko ordu txikietan irratsaio batera agian ez kontsultarik egiteko, baina bai zerbait kontatzeko deitzen duten kamioilariak. Buloen fabrika izugarri bat izateaz gain, Interneteko kontsultategi deszentralizatuek, Reddit, Quora edo Yahoo Answers bezalakoek, (inork eskatu ez dizkigun) aholkuak emateko hain gizatiarra den bulkada bideratzeko aukera ematen dute eta beno, bada funtzio sozial bat hori ere. Kontsultategietan galdera txikien eta egoera miserable samarren bidez heltzen gara gizakiaren dimentsio konplexuenetara. Horregatik, nire gogokoenetako bat Reddit webgunean dagoen AITA (Am I the Asshole?) deituriko foroa da. Kontatzen duen egoeran, kirtena norbera ote den jakin nahi dutenen txokoa. Gehienetan erantzuna baiezkoa da, noski.

«Hemen kirtena ni ote naiz?» beti izango da galdera pertinente bat, eta oso garrantzitsua da beti galdera egokiak egiten jakitea. Hori pentsatuko du Galdera Garrantzitsuen Datubasea, hainbat iturritatik edaten duten aipu eta erantzunak biltzen dituen Interneteko proiektu pertsonala abiatu duen ikasle mitomano samarrak. Galderen artean interesgarrienak, «zer da nahikoa?» galdetzen duenak,ez du erantzun zehatzik tamalez. Ikasle batek inork baino hobeto daki nahikoa noiz den, baina tira, beste nahikotasun bati buruz ari delakoan nago. Ez aipu batean jaso daitekeen nahikotasun bat. Bide batez, sekulako energia xurgatzaileak dira aipuak. Zerbaitekin bete behar baitute denborarekin merezimenduz irabazi duten hutsaltasuna. Zerekin hobe, gugan oraindik dagoen ikasle mitomanoaren fedearekin ez bada.

Garai batean, pertsona nahiz enpresa arloko autolaguntza liburu askok itaun bat izan ohi zuten beraien izenburuan. Nola... batekin hasten ziren galdera mamitsuak. Liburu dendetako apaletan autolaguntzari eskainitako leku zabalegian, gaur egun, inperatiboak nagusitu direla iruditzen zait, eta ez dakit, agian horrek ere zerbait esan nahi du. Ordainduz gero, nahiago dugula eskuorritan aginduak jaso. Beharbada laguntza ereduan behar dugu laguntza gehien. Eta autoaren kontua itzala ematen duen leku batean aparkatu.

Hitz jakintsuak dira, Philippa-ri galdetu sailaren deskribapenaren arabera, Philippa Perry-k, The Observer astekariko «samin izebak», eskaintzen dituenak. Samin izeba esamoldearen esanahia begiratu behar izan dut, fantasia hutsa iruditu baitzait,eta izen ezin aproposagoa izan nahiko nukeen superheroiarentzat. Hala deitzen omen zaie «samin zutabeak» erantzuten dituzten pertsonei. Prentsa britaniarraren Elena Francis-ei, alegia. Philippari idazten dionak arazo bat du bikote, guraso, bizilagun, senide, lankide, udal edo Mendebaldeko zibilizazioarekin. Eta, batez ere, bere buruarekin. Egoera arrazional batean izan behar ez lukeen samin bat da, trabak jartzen, eta, okerragoa dena: nolabaiteko lotsa sentiarazten. Kontsultategi batean anonimotasunetik zerbait kontatzeak ez luke inondik ere (agian behar duzun) psikologo edo bestelako aholkulari mota batera joatea kendu behar. Izebarenean, bueltan etortzen dena ez da jarraitu behar duzun terapia bat, ziurrenik beteko ez duzun doako aholku arin eta orokor bat baizik. Hori da batzuetan behar duzun guztia.Zerbait kontatu ostean kasu egin dizutelako ilusioa sentitzea.

Nork ez du halako ilusiorik, egia esan.

Zutabeak idazten ari denean batez ere.