2023ko urriaren 19an Berrian argitaratutako artikulua.
Adimen artifiziala aspalditik dabil gure artean, baina aurten hartu duen pop fenomeno aldaera, hori bai, hori nahiko berria izan da. Bat-batean, (ia) denok bihurtu gara «adimen artifizialak langabeziara bidaliko zaitu» horren bigarren pertsona. Bat-batean, (ia) denok bihurtu gara adimen horren erabiltzaile. Edo hori diote adituek. Garai hauetan zaila da LinkedIn-en topa daitezkeen ilea ateratzeko erremedioen saltzaileen artean aditu egokiak aurkitzea. Western batean bizi garela iruditzen zait gero eta gehiago, baina pelikuletan behintzat argi dago zeintzuk diren zintzoak eta zeintzuk gaiztoak. Western amorfo honetan, arkumez jantzitako otso asko dago, eta mila aldiz baieztatu behar da zerbait eta norbait fidagarritzat eman baino lehen. Nekagarria da, ez esan ezetz. Horregatik, aitortzen dut nire konfiantzazko adituak aukeratzeari denbora dexente eskaintzen diodala, gai hori konplexua edo bolumen handikoa denean bereziki, puntu batetik aurrera, zaborra gauza baliogarrietatik filtra diezadaten. Pentsamendu kritikoaren kontrako jarrera bat dela esango didazu, badakit, iritzi propioak eduki beharko nituzkeela edo iritzirik ez izatearen praktika aberasgarria besarkatu, baina halako uholdea, konplexutasuna eta eragina duten gaietan beti ezin da, aizu. Nire aurreiritzien kontrako iritziak maiz bilatzen baditut ere, egunak 24 ordu ditu.
Adimen artifizialaren aferan, eta teknologiaren munduan orokorrean, kontuan hartu beharreko hainbat pertsonaia identifikatzeko balio izan dit adituen casting honek. Adimen artifizial batek sortutako pertsonaia sintetikoak ematen duten arren, artifizioaren aditu hauek benetan existitzen dira.
Tech Bro Prodigal Son deitu dutena, adibidez. Seme-iriolearen parabolaren bertsio kapitalista honetan, urte luzez enpresa maltzur horietako batean lan egin ostean, erredentzioaren bila, ongia egiteko megakorporaziotik alde egin duen gure (anti)heroia. Ni oso erredentziozalea naiz fikzioan, baina errealitatean zaila da ganorazko bat topatzea. Kasu honetan, boterearen alde ilunarekin publikoki eramangarriagoa den harreman bat eduki nahi duen norbait da, asko jota. Besapean beste korporazio batekin sinatutako kontratu bat duen bluf bat.
Jatorrian aurrekoaren antzekoa da radarrean agertu zaidan beste pertsonaia hau: asmatu, garatu eta barrutik ondo ezagutzen duen teknologia zein arriskutsua den behin eta berriz errepikatuz, hartu berri duen boterea bermatu eta bere kontu korrontearen saldoa hazi nahi duena. Berak bakarrik aurreikus dezakeen apokalipsia saihesteko, teknologia (bere) esku onetan gera eta gara dadin, zer eskatuko Viktor Frankenstein honek eta botere eta diru gehiago. Apokalipsia dator? Ez dakit nik. Marketin eraginkorra da izu hau? Zalantzarik gabe.
Azkeneko pertsonaia bat aipatuko dut: urre bilatzaileen lasterketa honetan berandu dabilenez, etika eta hausnarketa sosegatuaren izenean besteei itxaroteko eskatzen dien hori. Jokoz kanpo harrapatu zaituztelako partida etetea eskatzeko zinismoa behar da gero, baina zinismoa nahikoa eta soberan dago alor teknologikoko enpresa handien artean. Esku batekin gelditzeko manifestua sinatzen ari ziren bitartean, bestearekin teknologia propioa garatzen ari dira Mendebaldeko Kostako arrakeroak.
Ez dakit nora eramango gaituzten adimenen artifizioek, baina badaezpada ere, entrenatzeko ereduak gardenak izan behar direla eta betiko alborapenak eragozteko iturri argiak eta anitz izan behar dituztela eskatzen duten adituekin gelditu naiz (DAIR Institutuko kideekin, adibidez). Hori, beste gauza askoren artean, bermatu beharko luke legediak. Liberalismo teknologikoak opakutasunerako eta oligopoliorako duen joera kontuan harturik, ez da erraza izango. AEBetako Senatuak aipatu ditudan pertsonaietako batzuk aukeratu baititu bere adituen casting propioan.
Ederki hasi gara.