Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Maizterraren kriminalizazioa

Barkatuko didazu apur bat konfesionala jartzen banaiz baina ez nuen halako urte amaierarik espero. Abenduaren 20an edo, nire etxea zenaren jabeak pisua saltzeko asmoa zuela esan zidan. Ekainera arte nuela handik alde egiteko. Eguberrietako oporrak deskantsatzeko baliatu nahi nituen (mentalki eta fisikoki porru eginda nengoen) eta horren ordez, antsietatea eta deprearekin elkarlanean kaxak egiten eta gauzak botatzen igaro nituen egun horiek. Denbora bat neraman Donostiako Alde Zaharretik alde egin nahian, bere biztanleei bizkarra eman dien hiri baten epitomerik epitomeena bilakatu delako, baina Damoklesen ezpataren hoztasuna ez da batere atsegina.

Alokatzeko etxe baten bilaketan zorte handia izan dudala pentsatzen amaitu dut eta baita sekulako pribilegiatu bat naizela ere, nire azentua ez delako nikaraguarra, NAN bat dudalako eta ez ANZ bat. Ez nau harritu, gurean ematen diren xenofobia agerikoak eta izkutukoak ezagutzen ditut, baina inmobilarietako langileei entzun diedana nire lekuan jartzeko balio izan dit beste behin ere. Etorkin bikote bati alokatu nahi izan ez zioten pisu bat ikusten ari nintzela aitortu zidan batek eta beste bati etxebizitza handietan hainbat etorkin familia bizitzea ulergaitza (eta gaizki, noski) iruditzen zitzaion. Hori zergatik demontre gertatzen den kritikatu gabe.

Pisu bat alokatzeko jartzen diren baldintzak aireportuetan sentitzen dudanarekin alderatuko nituzke: zein izan den ez dakidan krimen baten susmagarri nagusia izatea. Nik baldintzak pasa ditzaket (momentuz, martxa honetan, ez dakit) baina dirutza bat ordaintzera doan maizterraren kriminalizazio hori gainditu ezin dezakeen gero eta jende gehiago dago. Bi hilabeteko fidantza dago eta azken hiru nominak erakutsi beharra edo errenta aitorpena autonomoen kasuan. Soldata begiratzen dute alokairuaren erdia baino gehiagokoa izan dadin. Eta aseguru bat egitea eskatzen dizute, badaezpada ere zeozer gertatzen bada. Eta hala ere, etorkinen kasuan hori guztia ez da nahikoa.

Gaizki tratatu ninduen inmobiliaria batetik ia negarrez atera nintzen, nireak erremedioa zeukan arren (momentuz, martxa honetan, ez dakit). Herri honetan ematen den isilpeko xenofobia sistemiko horri konponbide latzagoa ikusten diot tamalez.

Ia hogei urte eman ditut Alde Zaharrean eta orain beste auzo batera ohitu behar dut. Beste ohitura batzuk hartu behar ditu ezagutuko duzun animalia errutinarioena den honek. Bere xarma du horrek (Lidl-a faltan botako dudan arren) baina ezinegona ere eragin dit saltoak. Nire zaurgarritasunen kontzientzia ia konortea galtzeraino igo da. Une txarrenetan egin dudan lez eta, azken finean, batek bere heldulekuak behar dituelako, nire baliabidetxoak elkartu ditut prozesu honetan ez erotzeko, bestelako kontuak, pertsonalak eta profesionalak, oraindik ere nabigatu behar ditudan bitartean. Norbaiti balio badio, fenomeno.

Mudantza baterako baliabide sentimentalak

    • Ghosts: BBCko telesail bat non bikote batek mamu xelebre koadrila bat duen sekulako etxea jasotzen duen oinordetzan. Ingelesen komedia atseginak nire kaia eta estalpea dira.
    • Normal gossip: Istorio kontalaria naizela pentsatuko duzu baina batez ere, istorio hartzailetzat dut neure burua. Eta podkast hau istorio arrunt eta absurduen junkie batentzat sekulako altxorra da.
    • Las hijas de Felipe: Nire baitan dagoen historialari frustratuak asko atsegin du garai barrokoari eskainitako podkast hau. Tartean Santa Teresa de Jesús dagoen bitartean, dena ondo.
    • Zinema: Krisian dago azkeneko urteetan izan naizen telesailzalea. Horrek zinemara bidali nau bueltan iaztik, ikusi ez izanak lotsatzen ninduen pelikulak ikustera. Eta ikusi ditudanak ikusteagatik lotsatzera ere, ez dut ukatuko. Astebururo gutxienez pelikula bat ikusteko asmoz jarraitzen dut.
    • Greatest Escapes to the Country: Nire lankide den Goiok gomendatu zidan droga hau, nola bizi naizen ikusita gezurra badirudi ere, nire ametsa Yorkshire-eko cottage batean bizitzea delako.
    • Hamnet: Shakespeare familiaren inguruko fanfiction liburu bat izan zitekeen baina gehiago da doluaren inguruko nobela indartsu bat. Maggie O'Farrell da autorea.