Azkeneko hamarkadetan politikak galdu dituen arteen artean herritar xumeari gutxien inporta zaizkionak ziurrenik estetika, poetika eta dramatikaren izango dira (beno, azken hontaz ez nago hain ziur).
Nekagarria egiten den dialektika traketsa gelditu zaio kontsolamendu sari gisa. Edozein esparrutan beti nahiko ahula izan den etikaren ilusioa. Desafekzioa deitzen diote egun onenetan. Sumina, eguraldi txarra eta fakturak pilatzen direnean.
Batzuk isilean eramaten duten plazerra da politika-estetika-poetika-dramatikaren afizio txikia. Boterearen itzal ilunak, erantzukizunaren pisu astunak. Hitzen distira. Ekintzen bala. Historia eta drama.
Beharbada Kennedy familia eta beraien madarikazioa dira, XX mendeko politika-estetika-poetika-dramatikaren maila gorenetako bat. Eta nire uste apalean, John F. Kennedyren pertsonan baino, Robert F. Kennedy bere anaian gehiago.
Zer egingo diot.
Duela aste batzuk ikusi nuen "Ethel" dokumental hau Robert F. Kennedy ezagutu ezin izan zuen Rory Kennedy alabak zuzendu zuen. Alaba batek bere gurasoei eskeiniriko dokumental honetan seme-alaben hitzetan ezagutzen ditugu Robert eta Ethel (11 ziren baina 9 gelditzen dira). Film pertsonal ederrez baliatzen da familia bizitza hura argiztatzeko. Ez dago apenas itzalik.
Dokumental biografiko honetan Robert F. Kennedy bizitza politikoan gehiago sakontzen da. McCarthy-rekin izan zuen harremana eta Hoffa-rekin eta Lyndon Johnson-ekin izan zituen liskarrak. Bere harropuzkeria eta ertzak. JFK-ren heriotzak ekarri zion samina eta eraldaketa pertsonala eta nola fenix hegazti baten antzera abiatu zen hautagai izateko lehian. Eskubide zibilak. Vietnam-eko gerra. Martin L. King-en heriotzaren speech gogoratu hura eta etxera bueltako bidaia. Trenez. Hilkutxa batean.
Robert F. Kennedyren tren funerarioaren bidaia hartan Paul Fusco-k atera zituen irudiak izugarri ederrak dira.
Garai bateko ispilu malenkoniatsua.