Hona hemen IVAP-en "Administrazioa euskaraz" aldizkarian argitaratutako ipuin bat.
«Nora zoaz?», hori galdetzen diot neure buruari gauero. Eta gauero ohera joaten naiz. Ez noa beste inora. Ohean senarra dut zain, baina seko lo. Boxeo borroka batean K.O.raino iritsi arte jipoitu izan balute bezala. Beharbada egia da eta jipoitu egingo zuten lantegian, edo, osteguna baldin bada, hilabeteko lehenengo osteguna, tabernan. Eta ziurrenik berak ez zion jipoiari beste kolpe batekin erantzungo, nahasmenarekin baizik. Eta norberaren nahasmenak ez du bestearengan, arerioarengan, inolako minik ez intimidaziorik sortzen. Barregura, akaso. Hilabetearen amaieran, hileko azken ostiralean, soldataren txekea sinatzen dutenen barregura bera.
Maleta hartu dut. Ez da handiegia, baina nahikoa da sartu nahi dudan guztia sartzeko. Jertse bat eta galtza pare bat. Ahizpak duela hamar urte oparitu zidan soineko urdina. Estua dut orain eta atzeko kremailera ezin dut laguntzarik gabe itxi. Topatuko dut norbait, atzeko kremailera igo eta jaisteko. Bizitzako borroka guztiak K.O.z galduko ez dituen norbait. Puntuetara agian baina ez K.O.z. Lotu gabe jarri dut soineko urdina eta sarrerako ispiluan neure buruari errepikatu diot «soineko hau kalean ibiliko dut berriz noizbait, nonbait, norbaitekin». Sinetsi arte.
Zintzilikaturik dauden arropetatik hartu ditut barrukoak. Bizitzan bezala, arropan ere zuria izandako guztia grisa bihurtu zait. Lixibarekin garbitu nahiko nituzke bizitza eta arropa. Denbora daukat oraindik, ez dago dena galdua, ez nago galdua, jatorriko zuri hori berreskuratu dezaket. Lixibarekin gogor garbitzen badut, nire jatorria berreskuratu dezaket.
Bidaiarako zerbait hartuko dut hoz kailutik. Autobideetako jatetxeak garestiegiak dira eta ez dut solaserako gogoa duten kamioilariekin hitz egin nahi. Ez nago gaueko ordu txikietako gaizkiulertuetarako prest. Bide-bazter batean autoa gelditu eta orain prestatuko dudan sandwich hotza jango dut, besterik gabe. Loguraren aharrausiek ni irentsi arte gidatzen jarraituko dut ondoren. Nire lantokia ez den motel batean izena emango dut. Handik telefonoz deitu beharko nuke, baina ez dut uste inork hartuko lukeenik. Senarra lantegian egongo da dagoeneko eta nire ahizpak haurrak eskolara eramango zituen ordurako. Goizeko txanda dudan bakoitzean egiten didan faborea da.
Nire lantokia den motelekoak harritu egingo dira ez baldin banaiz garaiz heltzen. Deitu egingo diet haiei ere eta beste motel batean nagoela esan. Kaleratuko naute, baina kalean egongo naiz dagoeneko. Ehunka kilometrotara, beste motel batean. Gela ezezagun baten teilatupeko kale gorrian.
Urteak pasa ditut nire lantokia den moteletik igarotako pertsonen bizitzei erratza pasatzen. Maitaleen izen-abizen faltsuak idatzi ditut. Giltza bat diruagatik trukatu. Gaueko txanda egokitu zaidanean saltzaile merkeen kezkak ezagutu ditut pizturik utzitako argien itzaletan. Goizeko txandan, izara nahasi eta zikinak gurditxoan sartu ditut eta ondoren garbigailura bota, ikusitako guztia ahaztu dezaten.
Beti errepideetatik gertu bizi izan den norbait naiz. Kafetegi bateko mahaiak garbitzen. Gasolindegi baten kutxaren atzean ondoren. Eta azkenean, segurtasunerako kristal lodi baten beste aldean, motel bateko geletako giltzak zirrikitu batetik banatzen eta biharamunetan gauek utzitako nahastea txukuntzen.
Gaur gauean nire lantokia ez den motelean gelako giltza emango didanak ez du jakingo, baina hori da naizena. Bera bezala, inora joan gabe beti errepidean egon den norbait.
Haurrek lo egon beharko lukete dagoeneko, baina azken begiratua eman nahi diet, badaezpada ere. Gaur ere ez diet ipuinik irakurri lo hartu baino lehen. Ez diet telebista pizten utzi. Ez dezaten ametsik edo amesgaiztorik izan. Ez dezaten fantasiarik bildu. Lasai egin dezaten lo, zirrararik gabe. Beren onerako ez da, etorkizunean eskertuko didate. Ez dute ezer esperoko. Ez dute anbiziorik edukiko. Ahal dutena egingo dute egokitu zaien bizitzarekin. Ez dute errealitatea onartzeko arazorik edukiko. Ez dute arazorik sortuko. Ez dira beti bide-bazterrean egongo, zerbaiten zain.
Nahikoa izan beharko luke. Nahikoa izango da. Ondo egongo da horrela.
«Nora zoaz?», hori galdetzen diot neure buruari gauero. Eta gauero egiten dudan maleta desegiten dut. Ohera noa. Ez noa beste inora.