Badaramat denbora bat K-Pop fenomenoari bueltak ematen. Musikalki ez nau batere erakartzen, ez naiz ni inoiz boybandzale izan (New Kids on the Block-en abesti bakar batena, en fin hori beste gai bat da) baina inork espero ez zuen modu batean, aurtengo annus horribilis honek eman digun bizipoz txiki bakarrenetako bat iruditzen zait. Soziolopolitikoki.
Historian zehar zerbait gutxietsi baldin bada, hori neska nerabeen talde indarra da. Eta historian aldarrikatu beharreko zerbait baldin badago, neska nerabeen talde indarra da.
Egun batzuk lehenago (maiatzak 25) George Floyd-en hil zuen poliziak. Amorrua kaleetan zegoen. Amorrua sarean zegoen. Poliziak bere kontraerasoa antolatu zuen protesten kontra. Baina badakizu zer? Ez dago neska nerabeek osatutako fan taldeen baino antolaketa eraginkorragorik. Dallaseko poliziak salaketak biltzeko erabiltzen zuen aplikazioa k-pop taldeen fancamekin (fan bideoekin) kolapsatu zuten. BTS taldearen zaleek sekulako dirutza bildu zuten Black Lives Matter mugimenduaren alde. Twitter eta Instagrameko traol arrazistak bahitu zituzte. Eta une gorena Trumpen Tulsako mitinerako sarrerak eskuratu eta bertaratu ez zirenekoa izan zen. Ez dago espero ez diren aulki hutsak aurkitzea baino ezer etsigarriagorik. "Txantxa" hitza erabili zuten AEB-etako komunikabideek. Baina beharbada adin eta genero kontuagatik, ulertezina zaien aktibismo bat da. Bai, neska nerabeen talde indarrarena.
Ea zein politologoren aurreikuspenetan zegoen TikTok eta K-Pop izena duten produktuek Estatu Batuetako presidentearen amesgaiztorik handienetako bat bilakatzea.
2020 zoro honen erdia egin dugu. Ene.