Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Espainia (2020ko uztaila)

Nire aita espainola zen. Donostian jaioa, baina nortasunez, espainola. León eta Madrilen bizi den haren familia den bezalaxe, baina Donostian. Sinpatikoa, kontserbadorea, burugogorra, gogotsua, kultura handikoa, oldartsua, berekoia, sentimentala, geniala, desesperantea, maitagarria... Espainola.

Bere heriotzak oso espainolak diren bi gauzekin gozatzen harrapatu nau. Alde batetik, X-Rey Juan Carlos I errege ohiaren inguruko podkastaren produkzioarekin liluraturik gelditu naiz. Adimen Artifizialaren bidez Francori ahotsa jarri diote. Idatzi zituen eskutitzak irakurtzen entzun dut eta emaitza ikaragarria da. Zentzu on eta txarrean. Oso ondo egina dagoelako. Adimen honen erabilera oker batek oso ondorio txarrak izan ditzakeelako. Norberak idatzitako testuak Urkulluren ahotsarekin entzuteko aukera eman zigun aplikazioaren errealismoa ekarri dit gogora. Urkullu hark eguberriak alaitu zizkigun. "Urkullu" eta "alaitu" esaldi berean erabili ditut, badakit. Teknologiaren mirariak.

Gauzetara aurreiritzirik gabe gerturatzea ezinezkoa iruditzen zait eta are gehiago Juan Carlos I bezalako lotsagabe baten kasuan. Baina bestelako lotsagabe, gaizkile eta fauna maitagarriarekin gertatzen zaidan bezala, jatorriak eta zergatiak interesatzen zaizkit eta hemen batzuk ageri dira. Lehenengo kapitulua uzten dizut, ea zer iruditzen zaizun.

Bestetik, "El Ministerio del Tiempo"-ren lau denboraldi inperfektu baina entretenigarriak segidan irentsi ditut azken hilabetean. Espainiaren historiarekin autokritiko izanik oraindik autokritikoagoa izan zitekeela? Noski. Baina esaidazu nor den kritikoa bere herriaren historiarekin. Euskaldunak ez, prezisamente. Autokritika besteei eskatzen zaien eta norberak nekez egiten duen zerbait da. Espainiako historia betearen (badago materiala, pardiez) pasarte desberdinetatik ikasitako gauzak eta barre-eraginak, pop kultura cañí-ari erreferentziak eta pertsonaia zoragarri baten zaporea utzi dit: Salvador Martí. Ez nuen asko eskatzen eta ez nuen besterik behar.

2020ko hauek ez dira egun errazak inorentzat. Aitak egoera latzenetan umore kaustikoa ateratzen zuen. Hori da utzi digun ondare preziatuena. Hori, eta bere inperfekzioaren memoria.

Nolabait, Espainia.