Ez naiz inoiz Grezian izan. Egia esan, beti izan dut Europa iparralderantz jotzeko ohitura gehiago. Oso nordikoa naiz: oso gaizki daramat beroa eta eguzkiak molestatzen nau. Gainera, ez dut hondartza gustuko, deseroso sentitzen naiz hondarrean. Deseroso sentiarazten nau nire gorputzak. Jendeak. Denak.
Urte ilun honetako uda ilun honetan ordea, The Durrells telesailarekin behar nuenik ez nekien D bitamina dosia jaso dut. Louisa Durrellen inperfekzioa izango da. Ahopeka esaten dituen esaldi horiek guztiak, akaso. Itsasoari begira dagoen animaliz betetako etxe basati hori. Askoz ere zibilizatuagoak ez diren seme-alabak. Spiro (oh, Spiro).
Margoa erortzen zaion etxe batean bizi naiz baina Durrelldarrek Corfun alokatzen dutena (gaur egun okupatzen dutela esango luke norbaitek eta segurtasun sistemak saldu ondoren) askoz ere xarma eta duintasun handiagoarekin eramaten du bere gainbehera hori. Gerra arteko garaian kokatzen den bizitzari egindako kantu bat delako hau, seme gazteena den Gerald Durrell naturalistak idatzitako memorien moldaketa bat. Memoriek badute fikziotik asko berez (zertarako idatzi memoria batzuk fikzioa egiteko ez bada) eta memorietatik abiaturik egiten diren moldaketek zer esanik ez. Bere horretan gozatu behar da, beste asmorik gabe. Durrelldarrekin eseri eguzkitan, haiekin bazkaldu itsasoko uretan jarritako mahai batean. Louisari dena ondo joango dela esan.
Baina ez, ez da dena ondo joango. Durrelldarrei II Mundu Gerra erori zitzaien gainera. Guri... jada ez dakit nola deitu gainera erortzen ari zaigun honi. Ziurrenik ez naiz inoiz Corfura bidaiatuko. Fikziozko D bitamina suplementuak hartu beharko ditut. Hezurretarako onak izango ote dira?
Bizikleta hartu eta paseo bat emateko gogoa sartzen duen musikarik bada, hauxe da.