Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Kakao heterodoxoa

Betidanik izan dut halako "kakao ideologiko-kultural" bat. Gogoan dut behin esan zidatena, Urruzuno lehiaketako irabazleok gozatzen genuen bidaia haietako batean (bai, ez duzue sinetsiko baina lehiaketa hori irabazi nuen txiripaz hiru aldiz, ni baino askoz ere serioagoak zirenen parean): "Ana, zure erreferentzia kulturalak beste batzuk dira. Desberdinak." Akabo. Nire bidaideei begira gelditu nintzen. Nik ez nuen Sarrionandia irakurtzen. Ez zitzaidan Exkixuren musika gustatzen. Ez nintzen ezker abertzale tradizionalean ideologikoki kokatzen. Ez nuen euskararekiko jarrera militanterik. Akabo. Horrek ez ninduen outsider bilakatu, ez uste. Ez naiz batere erromantikoa. Kakao ideologiko-kultural batean murgildu ninduen hori bai, eta gaur arte. Kakao hortan jarraitzen dut, hesian elektrokutaturik gelditzen den gorputz baten antzera sentituz.

Aisi eta ofizioz teknologia berrien munduan buru belarri sartu izanak ez du nire kakaoa eta heterodoxia areagotu besterik egin. Beste alor batzuetara ere zabaldu egingo zen akaso. Erdarazko zirkulu bat dut sare sozialetan. Interesgarria, dibertigarria eta aberasgarria. Euskarazkoa ere badut, kalitate beretsukoa, zertxobait homogeneoagoa suertatzen zaidan arren. Biak elkartu nahi nituzke, baina zeharo konplexua suertatzen zait. Erdaraz jarduten naizenean, badakit zenbait pertsonei kopeta iluntzen zaiela. Euskaraz ari naizen urritan, erdarakoek deskonektatu egiten dute. Eta azkenean balantza albo batera erortzen da. Erdararen albora. Ingelesez esan ohi den bezala, FAIL bat naiz.

Umapen ez dituzue nire twit asko aurkituko. Ez dut euskal blogetan iruzkinik egiten (hau orokorra da, ez baitut inon ere egiten), ez dut Berria irakurtzen, ez dut inolako loturarik ezerrekin. Hemengoa naiz eta hemen bizi naiz baina beste edonongoa izan eta beste edonon bizi ninteke. Ez naiz "munduaren hiritar" kontsideratzen, lasai. Kakao ideologiko-kulturalaren hesian elektrokutaturik dagoen neska bat besterik ez naiz.

Orain arte ez nion garrantzia handiegirik ematen horri, baina azken hilabeteetan buruan izan dudan run-runa da. Zergatik sentitzen dut euskal munduarekiko halako deskonexioa? Beldur ote naiz nire ingurukoarekin inplikatzeko? Eta hala bada, zeren beldur naiz? Interes eza? Baina nola interesatuko zait ezer, kanalak piztu ere egiten ez baditut? Ez al zaio nire heterodoxiari euskal hanka falta erabateko heterodoxia izateko? Baliteke.

Zerbait egiten hasi ninteke modu erabat antinaturalean. Patetikoa litzatekeela uste dut. Ez naiz orain euskaltzale amorratuena bilakatuko. Ez naiz Sarrionandia irakurtzen hasiko. Ez zait euskal musika bihartik aurrera gustatuko. Zaharregia naiz ezker abertzale tradizionala besarkatzeko edo euskararen aldeko militantzia publikoa egiten hasteko. Gainera, kontxo, ez zenukete ezer sinetsiko. Eta are gutxiago nik.

Ez dut euskaldun ortodoxoa bihurtu nahi. Baina zenbait kanal piztu nahi ditutu nire ingurua hobeto ezagutzeko, nire inguruarekin komunikatzeko eta hortarako nik ere zenbait kanal sortu eta elikatu beharko ditut. Blog hau bezala, adibidez. Zenbait kanal piztu nahi ditut, obarioetatik, hesteetatik eta biriketatik ateratzen zaidalako.

Sudur punta ahaztu gabe.

PD: lehenengo saiakera egingo dut twitter kontu berri honekin.