Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Hitz eta sinbolo zaharrak

Gaur, beti zeresanak esnatzen dituen maiatzaren lehenengo egun honetan, galdurik uste nuen harritzeko gaitasuna berreskuratu dut birritan. Ez da marka txarra.

Nire harridura hitz eta sinbolo zaharrei esanahi eta semantika berriak egokitzearen kirol nazionaletik dator. Denbora igaro da, badakit, eta egoera eta bilakaerak hala modukoak izan dira historian zehar, hori ere badakit. Baina bat baino gehiago bere hilarriaren azpian deseroso sentituko da entzun eta irakurri behar direnak entzun eta irakurri ostean, gaur egungo gazte jasoek jarri dizkioten bidailagunak ezagutu eta gero.

Lehenengo, kutxaren kontrolaren inguruan norbaitek twitterren, euskal fatxek kontrolatuko dutela esan du eta beste batek euskal naziek kontrolatuko dutela esanaz eman dio arrazoia. EAJ, Aralar, Hamaika Bat, EA... eta Alemaniako alerdi nazionasozialista eta Mussoliniren alkandora beltzak. Primo de Rivera ere gonbida genezake potpourri ideologikora, nahi baduzue.

Bigarrenik, ogia erostera atera eta Donostiako Bulebarrean "Eusko Gudariak" entzun dut, ez dakit zein sindikaturen manifestazioaren megafoniatik. Euzko Gudarostea, Arana Goiri Batailoia eta... langileak. Beste max-mix ideologikoa, prest.

Ez diot merezi duena baino garrantzia handiagorik eman nahi. Baina ohar hau idatzi nahi nuen.

Ez ahazteko.