Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Gelditzen garenak

Egia zera da, ez gintuela harritu. Bizitza isurbidetik behera ihes egiten zitzaiola ikusi genuen oso noizbehinka eta urrutitik. Bere buruaz beste egin zuela jakin genuenean elkarri begiratu genion eta hori esatea besterik ez zitzaigun bururatu, ez gintuela harritzen.

Horrelakoetan zerbait gehiago egin ote zenezakeen galdetzen diozu zeure buruari baina badakizu galdera horrek ez duela erantzunik. Ez duzu erantzunik izatea nahi ere.

Oso barruan jasotzen den kolpe bat da. Distantzia hartzeko, sistemara jotzen duzu eta pentsatzen jartzen zara zenbat neurri hartu diren eta zenbat aurrerapauso eman diren auto istripuen kasuan, nola hobetu diren datuak. Pentsatzen jartzen zara, oso gutxi dakigula suizidioaren eta orokorrean, tabu handi bat den osasun mentalaren inguruan. EAE-n bi egunez behin, pertsona batek bere buruaz beste egiten du. Bere buruari galderak egiten, errua botatzen ala auskalo zer madarikatzen bizirik gelditzen den beste norbaitentzat norbait zen pertsona batek, pertsona izateari uzten dio, min goridn bat bilakatzeko.

Bere heriotzaren berri izan bezain pronto heldu zen eskela kolektibo bat jartzeko proposamena. Eskelei funtzio gehigarriak erantsi zaizkie denborarekin prentsaren negozio ahularen mesedetan. Jakinarazpen praktikoa familiak ematen du, eta inguruan, poemak eta mezu kriptikoak pilatzen dira, bakoitza bere errektangulu ondo markatuan, ez daitezen batzuen hitzak besteen hitzekin nahastu. Esklusibitate sentimental asko baina informazio praktiko bakarra eskelaren sinadura da. Guztiak batuz gero, hildakoaren kurrikuluma osatzeko balio dezake. Non egiten zuen lan. Nongo bazkide zen. Norekin jokatzen zuen ostegunetan mus partida. Gelditzen direnek guraizeak hartu eta moztu ondoren gordetzen dituzte. Handik denbora batera, mina jasangarriagoa denean hil zen hura gogoan eta estimuan zutenen kromo kolekzioaren albuma ateratzeko momentua kasualitatez paper garbiketa batean heltzen denean.

Norbait hiltzen denean, gertatzen den guztia bizirik gelditzen garenontzat dela badakigu denok. Hiletak ez direla hildakoarentzat, familia eta lagunentzat baizik. Aurreko ileretako bankuan eserita daudenak buelta eman eta atzerantz begiratzean, gehienetan ezezagunak direnen babesa aurki ezaten. "Agur Jesusen ama"k bere helburua betetzen du, norberak senti dezakeen hutsune intimoari, tristeagoa ezin izan daitekeen melodia bat jartzea. Hor, astearte euritsu bateko arratsaldeko zazpi t'erditan bildutako itzaletan aurkitzen da kaia eta estalpea.

Ez nuen eskela kolektiboarentzat dirurik jarri eta ez nintzen hiletara joan. Azkenaldian pare bat aldiz tanatoriora egon naiz, hiletara joan gabe. Hileta batean egon naiz, tanatoriotik pasa gabe. Ez dut inoiz eskelarik jarri. Ez dizkiot inori errautsak mendira bota, ezta itsasora ere ez. Ez naiz inolako omenalditan egon. Gogoratu, hildako asko gogoratzen ditut. Batzutan beraien heriotzaren kausak etortzen zaizkit gogora. Batzutan kausa horiei buruz informazioa bilatzen dut. Behin bakarrik egin dut zerbait kausa batekin.

Hilabete batzuk berandu. Gaur.

Euskal Herrian suizidioaren inguruko ekimenak ezagutzen badituzue, esan mesedez. Mila esker.