Azaroaren 8an amaituko da bizitza osoan ezagutu dudan hauteskunde kanpaina lokaztuena. Aurretik izango ziren beste batzuk, egongo ziren beste nonbait, baina Clinton vs. Trump hau bezalakorik nik behintzat ez dut ezagutu. Ez naiz inolako aditua, AEB-etako politikarekin, eta orokorrean AEB-ak diren gauza beldurgarri bezain erakargarri horrekin, ahal dudanean dibertitzen eta ikasten saiatzen naiz, besterik ez. Nire perbertsioetako bat da.
Badakit ezkerreko ortodoxiak lapidatuko nauela baina ez dut izkutatuko nahiago dudala Clinton Trump baino. Stein eta Johnson ez ditut kontuan hartzen gaur egungo AEB-en eta sistema presidentzialista batean alferrikako botoak iruditzen zaizkidalako. Cthulhu? Bere aukerak izan ditzake.
Ez dut uste epe labur-ertainean alderdi berririk agertuko denik, baina ikusteko dago Errepublikarrak zer bilakatzen diren hemendik aurrera, hauteskunde hauen ostean, ordezkaritza ganbaren gehiengoa galduz gero eta aldaketa demografikoa kontuan hartuz, zeozer gertatuko zaielakoan nago. Agian rajoyismoaren bidetik joko dute. Ezer ez egitearekin gauzak eragitera, alegia.
Clinton Trump baino nahiago dudala esan dut. Sanders Clinton baino nahiago nuen. Egia da gure sasi-aurrerakoitasun europarretik gertuago dagoela. Baina egia da ere bai, eta honetan Trumpen antzekoa da, Sandersen mugimendua gizonezko zurien mugimendu bat zela gehienbat. Sandersek huts egin zuen primarietan afroamerikarrak eta latinoak erakartzerako orduan eta hegoalde guztian galdu. Hori asko galtzea da.
Badakit Hillary Clinton, Madam Secretary of State zela (barkatu fribolitatea, baina kargu izen moloiagorik ez dakit ote dagoen) sekuluako tropeliak egin zituela eta ez naiz ni justifikatuko dituena izango. Ez dut Obama justifikatuko. Ez G.W. Bush. Ez Bill Clinton. Ez, Monroe doktrinak eta ondoren Theodore Roosevelt-ek abiatutako kanpo politikak eragindako hainbat eta hainbat gauza ezin direlako justifikatu.
Bestelako zerbait espero izateari utzi diot, hori da dena.
"Badakigu Hillary Clintonek zer egin duen, ez dakigu Trumpek zer egingo duen" eta "errepublikarrak ez dira hain interbentzionistak" pentsatzen dutenak ulertzen ditut baina ezin dut hain optimista izan. Badakit leloa "Make America Great Again" dela, baina ikusi dugu ere behin bulego obalean, behin egoera gelan (telesailetan agertzen den situation room famatuan), dena aldatzen dela.
Kosta egiten zait gizon matxista, homofobo eta xenofobo baten kanpo politika hobea izan daitekeela pentsatzea. Law and order, barrukoa bermatzeko, kanpoan ere emango dela iruditzen zait.
Eta AEB barnera begira jarrita, ezin dut Zizek bezain optimista izan Trumpen presidentzia batek AEB-etan barne iraultza bat sor dezakeela esaten duenean. Ez dakit oso ondo zein eta noren prozesuari buruz ari den, gizon zuriei buruz ari dela da nire susmoa, AEB-en inguruko diskurtso europar hauetan beti iruditzen zaidalako alde batera uzten direla emakumeak eta zuriak ez diren guztiak. Baina nire neurak dira, ez egin kasurik.
Nire pesimismoak Clintonekin konformatzera narama. Konformatze hau jasangarriagoa egiteko, alde batetik pop-kulturaren ikuspegi ironikora jotzen dut (onartu beharra daukat Clintonek eskaintzen didan GIF animatu zoragarrien iturria agortezina dela) eta bestetik, bertakoen barne politiken eta egunerokotasunen borroka eta konplikaziotara jotzen dut, arrazara, generora, klasera, sexu harreman eta nortasun anitzetara.
Haiek esan didate nor den bietatik gaitz arinena.
Bonus track: Washington Post-en historian zehar egon diren presidenteen inguruko podkastarekin asko gozaten ari naiz. Ah, nire perbertsioak...