Badakit, Trump eta Farage eta LePen eta dauden eta etorriko diren beste batzuen aldamenean batzutan eskertzen direla iritzirik ez plazaratzeko politikan sartu ziren politikariak. Pertsona diskretuak gustatzen zaizkidan arren, hain idorra den politika eta lidergo mota desideologizatu honek urduri jartzen nau. Beldur naiz askotan ez izatea zuhurtasuna, koldarkeria baizik, nasan gelditu eta jendearekin, boto-emaile izan diren eta batez ere, izan ez direnekin, bat egiteko trenak pasatzen uzten dituena. Edo okerragoa izan litekeena: hausnarketa propio baten faltak bidaltzen dituela ezer ez esatera, ezer ez babestera edo salatzera, arrisku politiko txikienak ere ez hartzera, ez ote zaizkion etxekoak kontuak eskatzera etorriko. Funtzionatzen diela argi dago, hauteskundeak irabazten dituzte eta karguak hartzerakoan zin egiten dute, kudeatu egiten dute, bizirauten dute eta ez da gutxi bizirautea, baina bat apur bat umezurtz sentitzen da, apur bat abandonaturik moralki, ikusten duenean ez direla gauzei beraien izenengatik deitzeko gai, ezta guztiok ados jartzeko moduko izen bat dutenean ere.
"The West Wing"-eko nire pertsonairik gogokoenetako bat Toby Ziegler da, Bartlet administrazioko komunikazio zuzendaria. Zinismoa eta idealismoaren artean balantzaka ibiltzen den pertsonaia zoragarri horietako bat. Bere hitzak dira hauek, egun idealista batean:
Oharra: politikaren ikuspegi estatubatuarretik esandako hitzak dira. Tentuz, beraz, eta bere neurrian hartu.
If our job teaches us anything, it's that we don't know what the next President's gonna face. And if we choose someone with vision, someone with guts, someone with gravitas*, who's connected to other people's lives, and cares about making them better... if we choose someone to inspire us, then we'll be able to face what comes our way and achieve things... we can't imagine yet. Instead of telling people who's the most qualified, instead of telling people who's got the better ideas, let's make it obvious.
Ez da begibistakoa, Toby maitea. Eta ez da inspiratzailea.
* Karka bat naiz eta karka bat naizenez, gustuko dut gravitas kontzeptua. Itzulpen zuzenik ez duen seriotasun, sakontasun, lanerako konpromiso eta erantzukizunaren zentzuaren arteko nahasketa hori. Gustuko dut eta faltan.