Denbora pasa da azkeneko aldiz hemen eseri nintzenetik. Denbora pasa baina ez pentsa, betiko gauzetatik at (lana, gurasoak, prokrastinazioa) gehiegi gertatu denik. Zein grisa naizen jakingo duzu honezkero.
Bizitza erdiko krisia oso polimorfikoa izaten ari da. Alde batetik, nerabekeria delirante batek jota egiten ditudan gauzak daude. Bestetik, azkenaldian behin baino gehiagotan gastroenteritisarekin ibili naiz eta bakarrik bizi den 80 urteko emakume baten izpirituak nire gorputza hartu du.
Bizitza erdiaren beste gauza bat izango da ere bai zabor gutxiago sortu nahi izatearen matraka hau.
Ahalik eta plastiko gutxien erabiltzen saiatzen ari naiz. Batez ere, bizitza mugatua duten plastikozko gauzak kendu nahi ditut gainetik. Birziklatzeko zailak diren plastikoak. Adibidez, hortzetako pasta tuboa eta zepiloa. Edo makilajea kentzeko kotoizko disko horiek. Etxean dudan plastikoen bizitza agortu eta alternatibekin ordezkatu.
Gauza batzuk garestiagoak suertatzen dira. Beste batzuk, epe luzera bizitza merkeagoa egiten duten inbertsioak dira. Plastikoak gainetik kendu nahian plastikoan bildutako osagaiak erosi behar izan ditut. Eta nire kontraesan eta miserien aurrean jarri. Apurka egin beharreko trantsizio bat da, ez da etxean dagoen guztia botatzea kontua. Ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, gehiago da bidai bat, batzutan azkarrago egin nahiko nukeena (behin txipa aldatuz gero, antsietate moduko bat sortzen dela aitortu behar dut), batzutan hanka sartzera eramaten nauena (behar ez nuena erostera) eta batzutan esperimentuak egiten jartzen nauena. Gaur platerak garbitzeko xaboia egiten ibili naiz eta ez dakit oso ondo asmatu dudan. Ni letretakoa nintzen, joder.
Eta hau dena zergatik egiten dudan azaltzeko speecha prest eduki beharko nuke paragrafo honetara heldu denaretzat, baina ez dut ezer. Nahiko agerikoa delako nora garamatzan gaur egungo joerak. Gure kostaldeak itsasbehera bakoitzean honi buruz hitz egiten digu. Eta badakit ardura gobernu eta korporazio handiena dela eta ardura hau kanpainen bidez norbanakoei pasatzea inolako graziarik ez duen txistea dela. Haiek dute erantzukizun nagusia eta haiei zuzendu behar dira hatz guztiak, ez dut zalantzarik.
Baina nire neurrian egiten dudan kaltea jeitsi nahi dut, plastikoetatik ahalik eta gehien libratzen saiatuz. Ez da #zerozabor izango. Ez da inolaz ere perfektua izango. #Zaborgutxiago sortu nahi dut, besterik ez eta hemen uzten dut idatzirik, ahaztu ez dezadan. Badakizu zein ganorabakoa izan naitekeen.
PD: Nire bide-orria hemen dago. Bizarro samarra dena, ezta? Ikusten denez, gorputzean