Ez naiz inoiz bereziki komikeroa izan. DC eta Marvel munduak nahiko arrotzak izan zaizkit beti eta Manga ere, urruti gelditu zait. Heziketa sentimentalerako hain garrantzitsuak ziren urte haietan ez dakit non nenbilen ni. Ah, bai. Baina beste baterako utziko dut. Bere pelikulen boom-a hasi zenean ere, ez zuten nire interesa pizterik lortu. Eskerrak, badakidalako halako fenomeno bat harrapatuz gero, nire burmuina 24/7 obsesionatzeko gai dela. Galdetu bestela Westeros aldean.
Beti egon dira supeheroiak, zer dira bestela Greziako jainko eta jainkosak. Zer da Jesus. Geure burua apur bat seguruago sentitzeko sortu behar izan ditugu, ziurtasun gutxi eta arrisku handiko garaietan. Merchandising aldetik paretsu ibili dira biak baina erlijio eta komikien arteko desberdintasun nagusia benetakotasun batean sinestean datza. San Diegoko Comic Con-eko cosplayer-ak alde batera utzita, argi dugu Spiderman eta konpainia ez direla benetakoak. Argi dugulako... ezta?
Superheroien kontzeptua arriskutsua iruditzen zait definizioz (erlijioak bezainbeste), eredugarritasun bat bilatzen duen einean. Kontzeptu arriskutsua denez, interesgarria, gaizki ateratzen denean, superheroi horiei funtzioa disfuntzio egiten zaienean. Azken hilabetean ikusi ditudan telesailei erreparatuz konturatu naiz superheroi ilun eta desastratu horiek erakartzen nautela. Nahiago dudala The Boys-eko Homelander, Superman baino. The Umbrella Academy-ko Five. Watchmen-eko Ozymandias.
Ziurtasun gutxi eta arrisku handiko garai ilun hauen benetako eredu.