Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Gas argia

Berria egunkarian argitaratutako artikulua

Gogoratzen 2016ko azaro hasiera hura? Sinesgaitza zirudien arren, Donald Trumpek Hillary Clintoni Estatu Batuetako hauteskundeak irabazi zizkion, politikari demokratak ia hiru milioi boto gehiago jaso bazituen ere. Kristalezko sabaiaren kontrako kolpe latza hartu zuen Clintonek, eta, orduan zenbateraino ez bagenekien ere, sen onak orokorrean. Ezkerreko zenbait ahotsek garrantzia kendu zioten emaitzari, Clinton eta Trump gauza bera zirela esanaz. Batzuk Clinton Trump baino okerragoa zela defendatu zuten, Clintonek estatubatuar politika inperialista bortitzarekin jarraituko zuela argudiatuz. Trump, aldiz, barne politikako aferen inguruan itxiko zela ziur, mundua bakean utziz. Baina Estatu Batuek ez dute inoiz mundua bakean uzten, ezta beraien barne politikako aferetara mugatzen direnean ere. Estatu Batuen inperioa ekonomikoa eta militarra da zalantzarik gabe, baina kulturala eta komunikazio agendaren esparrukoa ere bai. Barne gatazkak unibertsal bilakatzen ditu eta beraien barne arazoak, gu guztionak. Ez dago barne aferarik. Unibertsalak dira arrazakeria instituzionalizatua, abortuaren aurkako gurutzada edo immigrazioari hormak altxatzea. Arazo hauek Trump baino lehen existitzen ziren eta Trump ondoren existituko dira. Han eta hemen. Baina Trumpek bozgorailua eta legitimazioa ekarri dizkio orain arte gizartean modu nahiko hipokrita batean estaltzen saiatzen ginenari. Gasteizeko parlamentuan Voxeko legebiltzarkide bat (eta gehiegi) dagoela ez dizut gogorarazi behar. Ipar Euskal Herrian agertu ziren pintada faxistena ere ez.

Egia da hainbat mugimendu sozial agertu eta indartu egin direla lau urte hauetan, nolabaiteko kontzientzia bat zutitu dela (hau Zizek-ek aurreikusi zuen nolabait eta ez naiz ni Zizeken cheerleader bat prezisamente). Baina sareko nire ezagun afro-amerikar batek esaten duen bezala, herri oso bat (mundu oso bat esango nuke nik) «gas-argitzen», ero sentiarazten, aritu dira. Sekulako estresa eragiten du egunero ileetatik tiraka egiteko moduko zerbait gosaltzeak. Zure bizitzari zuzenean eragingo dion neurri injustu eta kaltegarri bat bazkaltzeak. Zarena ukatzen duen lege proposamen berri batekin afaltzeak. Etengabe asaldaturik egoteak, nekagarria izateaz gain, zure bidetik eta fokutik aterata, ez dizu bizitzen uzten.

Errepublikanoen ahots kritikoenak (The Lincoln Project eta enparauak) demokratentzako botoa eskatzen ikusten ditudanean, Alderdi Errepublikanoaren logotipoan agertzen den elefantearekin gogoratzen naiz. Erokeria honen erdian, hilerrirako bidea hartzeko desiratzen egongo da.

Lau urte igaro dira eta azaroaren hasiera laister dugu berriz. Indar politiko, ekonomiko eta militarrak hor dirau.

Joe Biden ez zen nire hautagai demokrata gogokoena. Nik nahiago nuen Elizabeth Warren (ziur nago uneren batean hau idatzi izanaz damutu beharko naizela baina tira, esan dut). Bidenek Obamaren presidenteordetzaren intxaurrak zituen jasotzeko eta boto afro-amerikarra izan du bere alde, Sandersek inoiz irabazi ezin izan duen boto bat. Ticketean Kamala Harris jarri izana ez da kasualitatea ere. Emakumea eta afro-amerikarra, eta ez da alderdiko politikari ezkertiarrenetakoa, Sanders, Warren edo Ocasio-Cortez izan daitezkeen bezala (AEBetako politikaren ñabardurak kontuan hartuta betiere). Demokratek Trumpen desmadreari aurre egiteko hautagaitza instituzional baten apustua egin dute. Familia, lana, begirunea, osasuna... Sen on tradizional bat berreskuratu nahi diote bere senetik erabat aterata dagoen herri bati. Nire gustukoena ez den arren, apustu ulergarri bat.

Nork irabaziko duen? Ni jada ez naiz ezer esatera ausartzen. Are gutxiago Murphyren legeei jarraitzen dien 2020 apokaliptiko honetan. Fabore bat eskatu nahi dizut bakarrik. Ez dut demokratak eta Trump gauza bera direla berriz entzun nahi. Ez dut gas-argi zerbitzu horretara harpidetzeko interesik.