**Disclaimer**: Eszeptikoa naiz. Izatez eta tokatu zaidalako. Hontan ere. Horregatik hau ez da herritarron parte-hartzerako eredu polit bat. Nahiko nuke nik. Herritarron parte-hartzeaz ari garenean, sortzen zaizkidan ideia eta kezkak baizik. Gizarte bezala egin beharreko bidaia luze baten atarian, hartutako oharrak.
Abiapuntua: Gardentasun umil, ulergarri eta sistematizatua
Askotan irakurri dut gizarte heldu baterako nahitaezko baldintza dela ondo informatua egotea. Bestela, zaila da zertan parte-hartzen ari garen jakitea. Iritzi formatu bat izatea. Erakunde publiko zein pribatuek prentsa erabili izan dute tradizionalki egoerak eta posizioak azaltzeko. Lotsak estaltzeko edo konpetentziari aurre egiteko ulertezina den hizkuntza erabili izan dute. Mokoka ibiltzen dira. Hori ez da gardentasuna. Gardentasunak umiltasuna dakar berarekin. Errealitatearen aldeko eta kontrakoak azaltzea. Biak. Modu irekian. Modu sistematizatuan. Modu ulergarri batean. Filtrorik gabe, kritikei beldurrik gabe, konplejurik gabe. Beste guztia, gizartearen izpiritu kritikoari utzi beharko genioke (hau da, hezkuntza sistema "serio" baten seme-alabei). Bai, badakit. Asko esatea da hori.
Parte-hartze ereduak, tresnak, eszenarioak
Tentazioa handia da, dibertigarriena delako, aurrekoa ahaztuz zuzenean akziora pasatzearena. Niri ere gertatzen zait eta burura etortzen zaizkit martxan jarri genitzakeen plataformak, tresnak, ekintza presentzialak etab. Kasuistika desberdinen arabera, eredu batek edo bestek balioko digu. Gauza batzuk asanblearioak izan daitezke (uste ditugunak baino gutxiago, tamalez), beste batzuk, galdera itxi batekin (bai/ez) erantzun beharrekoak, iritzien entzute hutsa, etab. Pauso hontan bi arrisku, betikoak. Sektarismoak eta aurreiritziak. "Hauei ez diet lana egingo" eta "ez dut nire korrontekoa ez den ezertan parte-hartuko". Eta ahotsak isiltzen dituzten iritzi sutsuenen inposaketa. Berriro ere, hezkuntza sistema "serio" baten beharra.
Frustratuen kudeaketa: ahaztu handi horiek
Honaino iritsi bazara, irakurle, baduzu meritua. Baina niri puntu garrantzitsuena iruditzen zait. Etorkizuna baldintzatzen duelako. Parte-hartzeak bere ondorioak izaten ditu. Erabaki bat. Ekintza bat. Eta horren ondorioz, desenkantatuak, frustratuak, izorratuak sortzen dira. Hauei jaramonik egin ez eta horren ondorio latzekin bete zaigu historia. Eta eguneroko istorioak. Dobermann kutsuko oposizio bihurtzen dira batzuk. "Total, hau guztia zertarako" galdetzen dutenak beste batzuk. Eraikitzen laguntzen duten kritikoak gutxienak... aspertzen diren arte. Eta jarrera hauek guztiak oso erraz ulertzen dira, gizatasunez beterik baitaude. Edozein aurkitu da ziur halakoetan. Ezer gutxi gehiago esan dezaket, kritiko eraikitzaile horien taldean egotea izango litzateekena helduena, baina argi dut ere, galtzailearen jarrera irabazleak markatzen duela neurri handi batean. Historiak baditu bere adibideak honetarako ere. Eta honek markatuko du ere bai, ein batean behintzat, parte-hartzea eskatzen den hurrengoan, eskaera horrek duen zilegitasuna. Ez da gutxi, ezta?
Nik egingo nukeena, naïftasun osoz:
- Galtzaileen ekarpenak txertatzeko zubiak eraiki. Malgutasunez jokatu koherentzia baten barnean eta modu sistematizatu batean.
- Gardentasunez informatu eta iritzia galdetzen jarraitu. Iritzi hori entzun.
- Akatsak onartu (egongo direlako). Barkamena eskatu. Kritikek dakartzaten hobekuntzak txalotu.
- Zuzendu. Hobetu. Eskerrak eman.