Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

IEB2009ak kezkatzen nau

Barkatuko didazue gaur neska petralaren papera hartzen baldin badut baina Informatikari Euskaldunen Bilkuraren egitaraua ikusi eta pixkat izutu naiz. Batez ere, ekitaldiaren izenburua "Teknologia berriak, gaur eta bihar" dela jakinik. Izenaren egokitasuna alde batera utziz, kezkaturik nauka egitarau horrek, bertan gaur asko, bihar gutxi eta atzo dexente aurkitzen dudalako.

Norbaitek pentsa dezake, "ah, hau izorratua dago bera gonbidatu ez dutelako".  Lasai, mundu honetan zerbaitek urduri jartzen banau, hori jendaurrean hitz egitea da. Eta gainera, ez dut uste esateko ezer dudanik. Eta beste alde batetik, IEBrena ez da kasu bakarra. Nahiko orokorrean gertatzen ari den zerbait da ekitaldi eta jardunaldien munduan.

Fowa, Fowd eta Reboot bezalakoak begiratuta, lehenengo biek arazo bera dutela iruditzen zait. Hirugarrena zertxobait desberdina da, deskonferentziatik gertuago dagoen proposamena delako. Ez dakit IEB2009ren egitarauko gaiak irekiak ote ziren ala ez. Bakoitzak proposatzeko aukera baldin bazuen, isildu egingo naiz eta gauzak diren bezala onartu.

Bigarren kasua baldin bada, nire intentzio onenarekin esango nieke antolatzaileei, proba zezatela ea zer moduz formato berri batekin. Bilkura baldin bada, "bilkuragoa" egin. Zerbait bereziagoa.

Formak alde batera utziz eta muinera joaz, niri gaiak ez zaizkit oso berritzaileak iruditu. Pertzepzio bat izan da, boteprontoan, baina ein handi batean, eta salbuespenak salbu, duela bi urte egitarau berdinaren aurrean egon gintekeela iruditu zait. Duela bi urteko panorama berbera al dugu Euskal Herriko gure "interworld" txiki honetan? Baliteke eta hori da gehien kezkatzen nauena. "Aurrera doan herri" hau ez ote den eten diru, gogo, denbora, ideia ala auskalo zeren faltagatik. Munduko beste edozein "interworld" bezala, bai. Baina hau nire "interworld"-a da eta horrek gehiago izorratzen nau pertsonalki.

Autokritikarako garaia heldu dela uste dut. Bakoitzaren bekatuak aitortu eta bizio eta akatsak konpontzen saiatzeko momentua. Bakoitzak bereak. Eta denon artean, gureak. Krisia baino une hoberik okurritzen? Niri ez.

Baina tsh! Ez egin kasu neska marmarti honi (exajeratu bat da eta dena handitzen du tragedia bilakatu arte) eta joan, parte hartu, eta disfrutatu.