Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Gardenasunaren legeak

Madrilgo Genova kaleko Alderdi Popularraren egoitzaren aurrean bildutakoen irudiek, halako tristura bat utzi zidaten. Aurpegi haiek argi guztiak (bat ezik, garbitzailearen txokoarena, ziurrenik) itzalita zituen eraikin batera begira eta oihuka zebiltzan, hesiek eta poliziek perimetraturik. Ez ziren asko izan bertaratu ziren inpotentziaz kargaturiko aurpegi haiek. Eta haien garrasi errimatuak entzuten nituen bitartean galdetu nion neure buruari, "ea nola demonio berreskuratzen (eraikitzen?) den jendearen konfiantza zeozertan, batez ere bere buruarengan". Beltz ikusi nuela esan beharrik ez dago.

Abiapuntua nahiko argia dirudi teorian, nahiko zaila da praktikan eta orain guztien ahotan dago: gardentasuna. Espainiako estatuan gardentasun lege baten aurreproiektua dago martxan, adituek diotenez nahiko mugatua funtsean.

Gardentasun legearen aurreproiektuak ez ditu alderdi politikoak kontuan hartzen (Erret Etxea ere ez, antza denez). Hori ez da posible eta ez dut korrupzio kasuengatik (soilik) esaten. Ez da posible alderdi politikoak gardentasun lege batetik kanpo gelditzea, gaur egun politika eragilea egiteko dagoen artikulazio modu nagusia (eta tamalez, ein handi batean, bakarra) direlako. Eta gainera, nik dakidala, alderdien finantziazio nagusia publikoa delako. Gardentasun legeak alderdiak ere erregulatu behar ditu eta alderdiek, bere kabuz, aurrerapauso bat eman eta beraien gardentasun protokoloak sistematizatu behar dituzte (honen antzeko zerbait eskatzen da hemen). Ideologikoki ados egongo gara edo ez, maiz edo gutxitan, baina konfiantza izan behar dugu haien aktibitateak ez duela atzeko aterik. Ez zirrikiturik. Ordezkaritza sistemaren oinarria da konfiantza eta zilegitasuna.

Ez dakit ez ote garen zintzotasunari buruz ari gardentasunari buruz ari garenean. Beharbada ni bai.

Lege batek ez du ezer bermatzen, badakit, eta are gutxiago botere banaketa hain ahul duen leku batean. Gardentasun Lege batek ez du B kontabilitaterik, korrupziorik, bidegabekeririk saihesten. Ez da errenta aitorpen inplekableak aurkeztea bezain erraza (non sekula ez dira iruzur fiskalak agertuko). Lehengoan irakurri nuen totalitarismoa ez dela lege zorrotzak edukitzea baizik eta legeen aplikazio arbitrarioa. Eta hontan ere gerta daiteke. Abiapuntu bat da, besterik ez. Beste lan guztia, gizartearena dela deritzot. Azken finean, ez dut uste politikariak "Mars Attacks" baten ondoren heldu zitzaizkigunik.

Gizartearen lana. Askok aipatu dituzte azken egunotan BEZ-ik gabeko fakturak adibide gisa (hori baita B kontabilitatearen muina). Zintzotasun fiskala (pertsona fisiko zein juridikoena) aldarrikatzen hasi gintezke Eskandinabiara begira, gauza txikietatik hasita. Kulturen onena inportatzea hain erraza balitz... Baina kontzepturen bat edo beste argi edukitzea ez dago gaizki. Zergak ordaintzeagatik ez gara aluak. Ez zait zergak ordaintzea inporta, badakidalako horrekin herri honek hain beharrezkoak dituen zerbitzu eta azpiegitura publikoak ordaintzen direla.

Berriro diot: hain beharrezkoak dituen zerbitzu eta azpiegitura publikoak. Zergak ordaintzerako orduan, konfiantza izan behar dugu ere zeozer baliogarrirako dela.

Hemen sartzen da gardentasunaren hirugarren esparrua: administrazio publikoa (enpresa eta agentzia publikoak barne). Gardentasun Legearen aurreproiektua heldu aurretik, hauen inguruan hasi dira gardentasun ahaleginak egiten. Kolore guztietako eta maila desberdinetako administrazioak dira. Nire kezka nagusia zentzu honetan da zein erraz nahasten diren komunikazio politikoa eta komunikazio instituzionala alde batetik, edo beste modu gogorrago batera esanda, zein erraz nahasi daitekeen ustezko gardentasuna propagandarekin. Bata eta bestea desberdintzeko errezetarik ez dago, baina gutxienez, zintzotasuna mezua bidaltzen duenaren aldetik (batez ere okerrak azaltzeko), heldutasuna eta izpiritu kritikoa mezua jasotzen duenaren aldetik (bakoitzari berea eman ahal izateko) praktikan jarri beharko lirateke.

Konfiantzaz betetako udaberriko zelai berdeetatik urruti gaude. Egongo da beste biderik hara heltzeko aipatutakotik aparte eta "Estatu-kolpe-tentazioak-dituen-populismo-merkeaz" gain, niri, momentuz, ez zait besterik otutzen.

I. Mundu Gerran famatu egin zen kanta batek zioen bezala, "it's a long way to Tipperary, it's a long way to go".

PD: Gardentasuna eta parte hartzeari buruz idatzi nuen beste ladreilu bat.

Eta beste PD bat: Ez dakit barren-hustutze merke hauekin lasaiago gelditzen ote naizen ala alderantziz.