Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Euskaldunberri berri eta euskaldunzahar zaharrak

Orakuloak esan dit, Ramon Etxezarretari egindako elkarrizketa honen ostean, "euskaldunberri" hitzari esanahia aldatu beharko geniokela. Ez geniekela hala deitu behar heldutasunean euskaraz ikasten duten heroi hoiei (nire alabantzarik sentituena merezi duten horiek). Azken urteotan, PP eta PSOEren ideologipean, "yo soy vasco" han eta hemengo foroetan errepikatzen duten haiei baizik. Hoiek dira euskaldunberri berriak. Euskalduntasunaren muina definitzen inor baino gehiago saiatzen direnak ("hemen jaio edo bizi den edonor da euskalduna, ez bakarrik euskaraz dakiena, ez bakarrik abertzalea dena"). Gaiaren inguruan bira gehien ematen dutenak. Horiek dira euskaldunberri berriak. Inor baino euskaldunagoak direnak. Definizio definitiboaren gertuen daudenak.

Nahiz eta elkarren artean oso errespetu egon arren, euskaldunberri berriak eta euskaldunzahar zaharrak oso antzekoak dira.

Biek behar dute nazio eta estatuaren definizio mugatua. Denadelakoa dela. Nazio eta estatuen paradigman bizi dira. Errealitate konplexu batean babesten dira, hitz potoloak erabiltzen dituzte, ez dezagun dena askoz ere sinpleagoa dela deskubritu. Definizioak, estrategiak, planak. Zertarako? Nazio eta estatuen paradigma elikatu eta bizirik mantentzeko. Ez dezagun pentsa beste zeozer hoberik dagoenik. Kapazak garenik.

Badakizue nik nortasun kolektiboekin arazotxoren bat edo beste dudala (futbolaren gai pozoitsua alde batera uzten badugu, behintzat). Ni ez naizela ezer. Ez zahar ez berri. Baina kasu honetan euskaldunberri zaharrengandik gertuago sentitzen naizela uste dut. Edo, zergatik ez, euskaldunzahar berriena.