Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Eraman guztia

Egunero aurrezki kutxara joaten da, bere bizitzak hor jarraitzen ote duen baieztatzeko. Badirudi baietz. Hori esan dio, kristalezko hormaren beste aldean dagoen neska gazteak. Tonto aurpegia jartzen du kristalaren islan, baina ondo daki zertan ari den. Bizitza zenbatzeko eskatzen dio neskari, eta honek ordenadorean begiratu eta gero, zenbaki bat esan. Astean behin, bizitza horren zati bat eskatzen dio neskari. Gastuetarako. Fakturak ere ordaintzea tokatzen zaio noizean behin. Eta zenbakiak mugitzen dira. Eta neskak beti goxotasunez kantatzen dizkio. Eta bere tonto aurpegia hor dago beti. Norbait sartu da aurrezki kutxan. Pistola bat du eskuan eta zoruan etzan daitezela eskatu du garrasika. Baina berak ez du obeditzeko intentziorik. Ez. Aurpegia estalirik duen horrek bere bizitza eraman nahi badu, eraman dezala guztia. Pakete osoa. Neskak keinuekin adierazi nahi dio, ez dela heroien momentua, zutik gelditzea ez duela zentzurik. Baina badu zentzuren bat berarentzat. Aurrezki kutxako neska bisitatzeko aitzakirik gabe ez baitu bizi nahi.