Nire aita eta ni Pennsylvania-ko herri txiki berean hazi ginen. Bera homosexuala zen. Ni homosexuala naiz. Berak bere buruaz beste egin zuen. Eta ni marrazkilari lesbiana bilakatu.
Azkenaldian irakurri dudan libururik ederrenetariko bat da "Fun home, a family tragicomic", Alison Bechdel marrazkilariaren memoriak jasotzen dituen maisulan hori. Komikian oinarritutako musikalak sekulako arrakasta izan zuen Off-Broadway-en lehenengo, Broadwayen ondoren eta Tony sarietan aurreko astean (antolaitzaileen gogoaren kontra eta egileek hala nahi izan zutelako, Alison txikiak lehenengo aldiz lesbiana bat ikusten duen pasartea jorratzen duen "Ring of Keys" abestu zuten zeremonian eta ez gai "politikoki zuzenagoa" (sic) zuen besteren bat, zorionez). Ez naiz bereziki musikalen zalea baina ikusi ditudan irudiengatik, New York-era gerturatzen bazarete eta musikal bat ikusteko dirua aurreztu baduzue (badago horrelakoak egiten dituen jendea), honek merezi duela ematen du.
Liburua irakurtzea merkeagoa da, Bechdel eta bere aita hobeto ezagutzeko aukera ematen du eta hori da garrantzitsuena. Bechdel ezagutzea eta bere aita ezagutzea eta bien arteko harreman berezi, gogor eta konplexu hortan atrapaturik gelditzea. Nire obsesioetako bat dira, aitortzen dut, guraso eta seme-alaben arteko harremanak, gurasotasunaren eta haurtzaroaren kulto absurdoaren aro hontan, errealitate gordinera bueltatzen gaituzten istorioak.
Gure gurasoak konplexuak dira. Gure gurasoak ez ditugu erabat ezagutzen. Gure gurasoak ulertzeko denbora behar dugu. Eta ulertzen ditugunerako, hilik egongo dira.
Obraren aktoreetako bati irakurri nion "Bechdel familiak ez du nire familiarekin zerikusirik eta aldi berean, Bechdel familiak nire familiaren antza izugarria du" esan ziola emakume batek antzokiko irteeran. Berak ere hala bizi zuela. Ziurrenik, beste guztiok ere bai.