Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Txiki eta independente

Kickstarter-en ikusi nuen eta gero pista galdu nion. Kritika onak jaso zituen nire twitterreko timeline-an eta hainbat gauza bezala, ahaztu. Baina lehengo astean programatzaile bikain batek gogorarazi zidan, gure industrian (sic) dagoen depresio eta antsietatearen inguruan bota nuen tuit baten harira. Auto-opari gisa erosi nuen. Eta azkenean, ikusi.

"Indiegame, The Movie" bideojokoen ekoizle txiki independenteen inguruko dokumental bat da. Batzutan emozionalegia suertatzen den arren, ikusteak merezi du. Ez naiz bereziki jokozalea, pazientzia falta zait. Badaukat abandonware-erako joera bat (oraindik ere noizean behin Monkey Island-eko txisteak gogoratzen dituen horietarikoa naiz). Baina ezer gutxi gehiago.

Istorioa gertukoa egin zait ordea. Txiki eta independenteak izatearen onurak eta atsekabeak agerian uzten ditu. Inplikazio emozionalak eta harreman mailakoak, amaigabeak diruditen lanordu frustranteak. Dirua, denbora. Denbora den dirua. Dirua den denbora. Presioak eta neurri gabeko eskaerak. Phil Fish ekoizleak uneren batean nahiko argi uzten duen errealitatea da: “handiei eskatzen zaiena eskatzen zaigu. Haiek 5 urte egon daitezke bideojoko bat garatzen 200 pertsonen artean. Gu bi gara”. Eta autoexijenteak.

Azkenaldian hainbeste ahotan dagoen ekintzailetasunaren diskurtso arriskutsuan (gure artean "entrepierner" deitzen diogun diskurtsoa) askotan aipatzen ez diren eta kontuan hartu behar diren gauzak dira.

Ez da dena atsekabea, noski. Baditu esan bezala, txikitasun eta independentziak bere onurak. Inplikazioaren poderioz, garaipenak biziagoak dira. Askatasunaren indarrez, azken emaitzaren gaineko kontrol handiago bat dago. Gelditzen zaizun sentsazioa zera da, ez zeniola bizitza hori zure lagun minenei desiratuko. Eta hala ere, txiki eta independente izaten jarraitu nahi duzu. Gauzak zure erara egin ahal izateko.

Izaera kontua den ala ez, ez dakit. Bizi kalitatean zer hobetu badagoela, nahiko argi daukat. Eta merkatua hobekuntza horretara bultzatu behar dela. Txikitasun eta independentziatik. Printzipioetatik. Erotu baino lehen.

Gehienontzat beranduegi ez izatea espero dut.

PD: Aurtengo maiatzaren 1ean atera zen azkenean aipatu dudan Phil Fishen FEZ, ekoizpen agoniko baten ostean. Berri pozgarri bat.