Nire lehenengo twiteskundeak bizi nituen atzo eta onartu beharra daukat: oso ondo pasa nuen besteen tuiteoak jarraitzen. Eta dena Teketen eta Sustaturi esker. Sekulako lana hauek, Eusko Jaurlaritzak egin ez zuena, portzierto. Hauteskundeak.net erorita egon baitzen arratsalde osoan zehar. Penagarri.
Hasiera batean lio pixkat izan nuen zein etiketa jarri behar ziren erabakitzerakoan. Euskarazko tuiteoak egiteko #hautes erabiltzearen gomendioa jarraitu nuen. Ardi txintxoek bezala.
Eta arratsaldeak aurrera jo, eta lehenengo emaitzak iritsi zirenenan (eta aurretik ere, ze demontre) ikusi zen, komunikabide, futbol zelaietan eta tabernetan bezala, bakoitzari "plumerua" ikusten zaiola Twitterren ere. Norberak eta besteek emandako iritzia, 140 karaktere baina gutxiagorekin, baina igualtsu sesgatzen dela. Batzuentzat penaltia dena, besteentzat piszinazua. Eta alderantziz.
Inork ez dio benetan gertatzen den errealitate oso eta konplexuari erreparatzen. Erreparatu nahi dion errealitate apurrari baizik. Eta azkenean, badakigu besteak zer esango duen mezua bidali baino lehen. Eta are okerragoa dena, badakigu guk ere zer erantzungo dugun. Eta "tertuliano" bezala portatzen gara, oso serio, autokritika izpirik gabe, erre eta erre, bakoitza bere matrakarekin. Gure taldea 90. minuturaino animatuz. Baldintzarik gabe.
Berdin du P(e)SEtarra, Ezker Abertzale Ortodoxo Tradizionalekoa, Jaungoikoa ta Lege Zaharrekoa, Pepe-eroa, Ezker Abertzale Modernitokoa, Ezker Ezabatukoa, Rositaren laguna ala Abertzale Eskizofrenikoen Alkartasunekoa ote garen.
Gure momentua da. Azkenean lortu dugu. Tertuliano politikoak bilakatu gara.
Eta munduari gure iritzia bost axola zaion arren, mila esker Twitter.
Txantxagarria, ezta? ;)