Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Soberakinak

2018ko otsailaren 11n Berrian argitaratutako artikulua.

Patio batera ematen duten leihoak dituzten etxeetan zaila da iluntasunetik bizilagunen argietara begira ez gelditzea, zutik, berokia kendu gabe. Zaila da voyerismoari ezetz esatea, jendez beteta dagoen mundu batean bizi gara. Ez da gure errua. Hor daude. Zer egingo diogu.

Unibertso infinituaren zati txiki batek estaltzen ditu patioak. Infinituaren inguruan izan nuen lagunarteko eztabaida batean, batek unibertsoan hor nonbait paretaren bat egon beharko duela defendatzen zuen, Truman's Show-en agertzen zen munduan bezala. Baina pareta bat baldin badago, paretaren beste alde bat egon behar du. Zer da beste hori? Eztabaida guztietan gertatzen zaigun bezala, hasierako puntura itzuli ginen momentu hartan. Paretaren kontra eman eta gaia aldatu segidan.

Egia esan, berdin du unibertsoa infinitua den ala ez, gure mundua finitua baita. Eta horrek ere garrantzi gutxi du, ez baitu erremediorik.

Patioko bizilagunek telebistaren aurrean afaltzen dute, urrutiko gonbidatuekin errazagoa da elkarbizitza. Ama zigarro bat erretzera aterako da leihora. Beranduago, aita. Ez dute inoiz elkarrekin erretzen. Ez dute bakarrik erretzen ere. Beraiek ez dakite, baina hemen gaude beste guztiak.

Ez dugu frogarik oraindik baina litekeena da unibertsoan ere beste norbait egotea. Guri begira agian. Agian, likatsua ez den bitartean, hemen duguna baino konpainia atseginagoa izango da. Ripleyrekin ikasi genuen likatsua dena ez dela inoiz atsegina izaten. Likatsua den norbaiten konpainian egoteko, hobeto gaudela bakarrik.

Hori pentsatuko zuten duela mende batzuk ardatz eta hariarekin lanean, emakume ezkongabeak izendatzeko ingelesezko spinster hitza gorpuztu zuten emakumeek. Klase ertainaren independentzia zutenek ez omen zuten ezkontzeko aukera falta, baina maitasun ideal zehatz batean sinesten zuten. Gai horren inguruan aurkitu nuen artikulu akademiko baten izenburuak zioen bezala, «onena ala inor ez» zen emakume horien aukera. «D'Arcy ala inor ez» edo antzeko zerbait. Nire egun tontoenetan erabaki ahal izatea oso klase ertaineko zerbait iruditzen zait. Hortik gora estatusa mantendu beharra dago. Behera, bizirautea da inporta duena.

Gutxiesgarria da spinster hitza, aukera galduaren eta pasatutako denboraren kontzeptuak gordetzen dituen old maid den bezala. Gure «neskazaharrak» ere gordetzen dituen gatazkak dira. Adinean zaharra neska izateko, ohea hutsik, emakume izateko. Kate Bolick SpinsterMaking a Life of One's Own liburuaren egilearen hitzetan: «ama bat zertan ari den badakigula uste dugu, emazte bat zertan ari den badakigula ere bai, baina emakume ezkongabe bat zertan ari den misterio bat da». Douglas Adamsek Hitchhicker's Guide to the Galaxy nobelan ematen zuen bizitza, galaxia eta unibertsoaren misterioaren erantzuna gogoratu dut: 42. Horretan ari da.

Azken urteotan Txinan gero eta maizago deitu diete sheng-nui, soberakin-emakumea, 27 urtetik gorako emakume langile, independente eta ezkongabeei. Ez ezkontzea errespetu faltarik handiena da gurasoentzat, eta gobernuak ere gaitzesten du, kalkulu demografikoei kalte egiten die. Sekulakoa da presioa.

Ironiaren gauzak: otsailaren 14an, mendebaldean San Valentin egun likatsua den bitartean, urteberri-eguna izango da Txinan. Diotenez, bezperako afarian gurasoen atsekabeari aurre egin eta tradizio sistemari beste urtebete irabazteko, kontratatu daitekeen gezurretako mutil lagunen merkatu bat dago. Neurri desesperatuen prezio garestian ziurrenik.

Soberakin-emakumea sofan tupperware batetik afaltzen ari den (anti)heroi hori izan zitekeela pentsatu dut. Zure patio-unibertso infinituan bizi dena. Inor atsekabetuko ez duen txakurraren urte berri on bat opa diezaiokezu leihotik elkarri begiratzen diozuen hurrengoan.