Ziurrenik ez duzu jakingo nor den edo nekez gogoratuko duzu André Gardes frantziarra. Obituarioetan topatu ez dudanez, oraindik bizirik dagoela suposatzen dut. Edo oso ahaztua agian, berea historia-istorio kurioso horietako bat izan arren. 1990 urtean lanik gabe zebilen fisikari nuklear bat zen Gardes. Normandiatik gertu dagoen Sark uharte britaniarra inbaditzeko bi saiakera eta hogeita hamar urte beranduago, auskalo zertan dabilen orain.
Erdipurdiko gizon zuriak bere buruarengan duen segurtasun horrek bultzaturik, bi kartel jarri zituen André Gardesek Sarken hurrengo egunean uhartea bereganatzeko asmoa zuela iragartzeko. Inbasioak iragartzearen kaskarkeria honetan Gardes ez zen erdipurdiko lehenengo gizon zuria izan, ez pentsa, gauza bera egin omen zuten naziek Bigarren Mundu Gerran. Ematen duenez, iragarpen hori betetzera mugatzen zen bere plan guztia. Ezer ilegala egiteko ordu aproposena den eguerdiaren zain topatu zuen Sarkeko kondestableak banku batean eserita. Fisikari nuklearra izanda ere (ala horregatik beharbada), ez dakit zein neurriraino pentsaturik zuen dena. Uharte bat materiaz osatua dago, horraino ados, baina partikula subatomikoen arteko interakzioak gauza bat dira eta herri bateko autoritatearekin interaktuatzea, beste bat. Maskulinitate toxikoan aditua zirudien kondestableak edozein handiuste distraitzeko oso eraginkorra suertatzen dena egin zuen: bere arma goraipatzen hasi. Gardes kargadore aldaketaren erakustaldia egiten ari zitzaiola lurrera bota eta atxilotu zuen kondestableak. Zazpi gau eta zazpi egun egin zituen Sark aldameneko Guernsey uharteko kartzelan.
Gardesi egoak jokaldi makurra jokatu zion kondestableari bere armaren marabilak erakutsi nahi izan zizkionean, baina erdipurdiko gizon zuriak bere buruarengan duen segurtasunak gauza on bat badu, bidean inolako leziorik ikasi gabe porrot umiliagarrienetatik altxatzeko gaitasun hori da. Hala, hurrengo urtean Sark inbaditzen saiatu zen berriz André Gardes. Uhartea zapaldu baino lehen gelditu zuten orduan.
Ego hutsagatik inbaditu nahi izan zuen André Gardesek Sark? Auskalo. Garai hartan oraindik Erresuma Batuko koroaren menpe zegoen Europako azken erregimen feudala zen. Ez zuen botere banaketa modernoaren konplikaziorik. Gainera, uharteko burua zen usoen jabe izateko eskubidea zuen bakarra. Ezer inbaditzeko arrazoi indartsu bat iruditzen zait izorratu nahi duzun norbaiten kontra usoen indar aereoa erabili ahal izatearen pribilegioa.
Gardesek ez zuen arrakastarik izan, baina horrek ez du esan nahi Sark hain ponposoak ez diren metodo modernoago eta eragingorragoekin inbaditua izan ez denik. 1993an, The Daily Telegraph egunkariaren jabe ziren David eta Frederic Barclay anaia bizkiak lurrak eta hotelak erosten hasi ziren Sarken. Lurren jabetza bereganantzearekin batera, mendeetan zehar bertakoei antza denez funtzionatu dien sistema feudal hori aldatu nahi izan zuten. Sistema demokratiko baten aldeko kanpaina egin zuten beraien komunikabideetan. Demokraziaren alde ematen zuten argudio nagusiaren arabera, oinordetza lege feudalaren maiorazgo estuak ezinezkoa egiten zuen jabetzak semeen artean banatzea. Aldaketarako benetako arrazoia beste bat zirudien: ez zizkioten Seigneur tituludun tipo bati zergak ordaindu nahi. Barclay anaiek sistemen arteko lehia irabazi eta azkenean oso demokratikoa ere ez dirudien sistema demokratikoago bat ezarri zen 2008an.
Gaur egun, maiorazkotasunez zuzentzen ditu David Barclayren seme zaharrenak Erresuma Batuan familiak dituen enpresak, zerga iruzurren salaketei jaramon askorik egin gabe, André Gardesen arma museo batean dago eta Sarkeko edozein biztanle izan daiteke uso baten jabe. Feudalismoak hor dirau nolabait. Trajea eta korbata darama orain, Sarken eta beste hainbat lekutan. Arteixon ere akaso.