Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Pure morning

Une historikoek tamalez ekarri ohi duten pastelamen dosi hipergluzemikoaren aurrean, Luistxo Fernandezek dio ETAren amaierak kañarako gogoa sartu diola. System of a Down-en kanta bat aukeratu du kaña emateko, nire estilokoa ez den arren, Chop Suey izeneko "temazo" bat, eta Imagine, Give peace a chance eta Txoriak txori sobatuak alboratu. Interneteko jergan arraro hortan esaten den bezala, "fuck, yeah". Arrazoia du. Spotifyko zerrenda hau ere badago, ihes egin nahi izanez gero (eta aplikazioa erabiliz gero, noski).

Daukan kadentziagatik eta une konkretu batzutako gitarraren riff-arengatik ziur, azken egunotan askotan entzuten ari naizen abesti batekin erantzun nahi nioke Luistxoren bidalketari. Edo lekukoa hartu, bere baimenarekin (barkatuko didala espero dut). Ariketa hauek gustatzen zaizkit eta are gehiago musika tarteko denean, badakizue.

Nahiko milindrisa naiz kañarako eta tolerantzi bajukoa "zaratarekiko" (nire gailurra zentzu hortan Sonic Youth, Nirvana, Smashing Pumpkins eta Soundgardenen Superunknown diska izan zirela uste dut, pentsa). Beraz, ez espero trumoi soinurik.

Duela urte batzutako kanta da nire aukera. Egia esan, bideoklipa ez nuen gaur arte ikusia. Egia esan, puntu epikoa kenduta, gustatzen zait. Egia esan, berdin zait Placeboren detraktoreak bazarete (ulertuko nukeen zerbait). Hor duzue. Pure morning.

Garai bizarroak (bizarroa da hitza? ziurrenik ez) tokatuko (eta tokatzen ari) zaizkigu bizitzea. Kañeroak. Politikariei eta geure buruei konponbideak, erantzukizunak, pausoak eskatzekoak. Lan egitekoak. Entzun eta hitz egitekoak. Ulertzekoak. Nora eta nola joan nahi dugun heldutasunez erabakitzekoak. Saltoak ematekoak. Eta ibiltzekoak. Asko ibiltzekoak.

Osasunerako ibiltzea ona dela diote medikuek. Psikosoziologoek ere, suposatzen dut.