Bilduren erabaki, agerraldi edo denadelako bakoitzak ekartzen dituen tirabiren telesailaren azkeneko (ala azkenaurreko) kapitulua: "prentsaurreko elebakarrak" du izenburu. Sustatun laburbildurik irakur dezakezue. Interesgarriak dira artikuluan eta iruzkinetan aurki daitezkeen ekarpenak. Benetan.
Kazetari bati jakinmina, izaera kritikoa, gizartearekiko ardura eta komunikaziorako gaitasuna aurreikusten bazaizkio, prentsaurreko elebakarren kontu honetan (eta beste hainbatetan, ez pentsa) batzuk ez dira zerbitzu minimoetara ere heltzen. Izaskun Perezen post hau berrirakurri behar izaten dut balore hauek gogoratu nahi ditudan bakoitzean. Gero eta maizago, zoritxarrez.
Prentsaurrekoen kontu honek, hainbat irakurketa politikoz gain, batez ere kazetaritzaren egoera prekarioa begibistan uzten duela esango nuke. Azkenaldian askotan gogora etortzen zaidan pentsamendua eta bereziki tristetzen nauena. Ez bokazioz, ez ofizioz ez naizelako sekula kazetaria izan, baina halako zerbait ikasi nuelako duela hamar bat urte eta ezagunak ditudalako ogibidean. Batzuk, estimatu eta dena egiten ditut.
Kazetaritzarena beti izan da mundu prekario bat. Bizi dugun krisi ekonomikoaren eta azkeneko hamarkadan eman den aldaketa teknologiko-kulturalaren ondorioz, prekarietate hori are nabarmenagoa egin da agian. Bokazioz egiten den zerbait dela pentsatu dut beti, beharbada niri bokazio hori falta izan zaidalako.
Batzuk errebelatzen garen arren, mundu honek bokaziorako leku txikia uzten du. Hori izango da agian komunikabideak publizitatea, fabore trukaketak, esklutsibak, etab. bermatuko dituen groupie papera betetzera behartu dituen arrazoietako bat. Groupie izate hortan erraz hartu dute lekua eta hegemonia galderarik onartzen ez duten prentsaurrekoek, baieztatzen ez diren prentsa oharren biblia sakratuek eta konpresa iragarki batetik aterata diruditen elkarrizketek. Komunikabide batek ideologia jakin bat izatea onatzen dut, gizakiak babesa eta gerra behar duelako bizitzan. Morroitza pauso bat haratago doa eta gogorragoa egiten zait.
Komunikabideek beraien egoera ekonomiko latzaz kexu direnean gogoratu behar dute zein den hartu zuten bidea, ondo kontatutako istorio onak neurri batean alboratuz (eta onak diodanean beharrezkoak esan nezake). Argi izan behar dute ere zergatik kostako zaien orain ondo kontatutako istorio onak baloratu eta kontsumitzeko prest dauden pertsonak erakartzea.
Eta hor ditugu, aparatuaren sostengu, lau sosengatik etika guztia lurperatu behar izan duten kazetari lobotomizatuak. Bizitza hobe baten esperantza guztia galdurik, "total, zertarako?" triste batean bizi dira batzuk, "nik ez dut arazorik nahi" batean besteak eta "orain hau komeni zait" pentsatuz baina esan gabe ziniko itxaropentsuenak. Batzuk bokazioa mantenduko dute intimitatean. Lan egingo dute, gogor gainera. Hortan sinetsi nahi dut. Baina beste asko ez dira, esan bezala, gutxieneko zerbitzua ematera helduko. Eta hortarako hobe beste zerbaitetan arituko balira. Beraien eta guztion zorionerako.
Prekarietatea. Baloreetan, bokazioetan, poltsikoetan.