Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Istorio burugogor bat (euskararen inguruan)

Gaurko egunez duela urtebete aitaitari idatzi nion Mezua hemen dago. Mezua bera, eta eman nahi izan nizkion eskerrak. Juan Zaldua Mendizabal jaunari. Baina batez ere, aitaitari. Ez dakit urtero beteko dudan oroitzapenekin hitzartutako zita hau. Betetzen ez dudan neure buruari ezarritako promesen zerrenda luzea da. Luzeegia. Baina mezua bezala, hemen nago ni.

Gaurkotasunetik egingo diet tiraka oroitzapenei. Berriak argitaratu ditu, Euskararen Bilakaera (1991-2011) eta V. Inkesta Soziolinguistikoari eskeinitako seriaren barruan, Gipuzkoari dagozkion datuak. "Euskalduna da bi gipuzkoarretik bat, eta euskaraz egiten dute hamarretik lauk; Donostian asko jaisten da euskararen pisua". Hori dio izenburuaren azpian. Paragrafo batzuk beherago, "Donostia da Gipuzkoako datuak okertzen dituena, izan ere; probintziaren eta hiriburuaren artean ere alde handiak daude." Hasperen egin dut irakurtzean.

Etxeko istorio batekin aspertuko zaituztet. Ikastolakumea naiz, zuetako asko bezalaxe. Guraso "pionero" horietakoak dira nireak. Apostu konplikatua zen momentu batean (60. hamarkada amaieran, 70. hasieran), beraien seme-alabei euskarazko heziketa bat ematea erabaki zuten horietakoak, "Gipuzkoako datuak okertzen dituen Donostia" batean gainera. Handicapekin. Beste asko bezala, burugogor jarri zen (donostiarra ez den ;)) ama nire aitaren familiaren aurrean. Haiek Marianistas-era bidali nahi zituzten nire anaiak. Amak euskara ikas zezaten nahi zuela esan zien, modu leun baina "ni hemendik ez naiz mugitzen" kutsuko tinkotasun batekin. Nire anaiak ikastolara joan ziren (zalantzarik? :P). Eta urte batzuk beranduago amonak (aitaren amak) nire amari sobre bat eman zion, "Ana ikastolan matrikulatzeko". Sobre hortan dirua baino gehiago zegoela uste dut. Errekonozimendu bat.

Istorio honek ama du protagonista baina berak beti aipatzen du aitaitak irribarre konplize batekin begiratu ziola jakin zuenean. Berea izan zen erresistentziaren belaunalditik, "pioneroen" belaunaldiari lekukoa emateko ordua zelako. Erresistentzia egun haietan eutsitakoak jarraipena izateko aukera izango zuelako. Edo ziurrenik, eta istorioari epika-lirika guztia kenduko diot (aski delako), genetika kontuagatik edo, alaba bera bezain burugogorra atera zitzaiola ikusteak sinpatikoa iruditu zitzaiolako.

Biloba ere, burugogor samarra dela diote. Ikastolakumea. Donostiarra. "Gipuzkoako datuak ez okertzen" saiatzen da. Arlo guztietan. Euskaran eta euskaraz ere bai. Batzutan ez zaio espero bezain ondo ateratzen. Baina saiatua da. Inolako epika-lirikarik gabe, baina burugogor.