Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Forma eta funtzioa

2018ko ekainaren 3an Berrian argitaratutako artikulua.

Egunerokoan, asteazken arrunt batean edo, jendeak artea eta diseinua ez desberdintzeak ez ninduke urduri jarriko, zenbait «diseinatzailek» diseinua izan behar zuen hori «artetzat» hartu eta diseinua subjektiboa dela, eta kasurik tragikoenean, «gauza politak» egitea delako ideia zabaldu izan ez balute. Diseinua forma eta funtzioa da, eta estetika ez da baliabide formal bat besterik funtzioa betetzeko. Emozioetara jotzen duen baliabide indartsu bat nahi baduzu, baina baliabide bat. Ez helburu nagusia.

Barkatu, arrazoia duzu, tonua jaitsiko dut, maiuskulatan idazten amaituko dut eta.

Artean ez dago zergatik funtzio bat bete behar, nire ustez. Ez dut betetzen ez denik esaten, betebeharra ez dagoela bere definizioan soilik. Funtzioa ondorio da. Eta ondo dago horrela. Utilitarismoaren garai hauetan ezertarako balio ez duten gauzek ez dute prentsa ona, baina maiz pentsatzen dut ezertarako balio ez izateak zerbaiti gerta dakiokeen gauzarik baliogarriena dela. Okerragoa dela funtzio bat bete nahi eta ezin izatea. Eta are okerragoa, okerreko funtzioa betetzea. Oso jakina dena, ezta? Ba ez duzu sinetsiko: nahasmena sortzen da.

Nazismoaren aintzarako Leni Riefenstahlek Adolph Hitlerren Nurenbergeko mitina eta Berlineko joko olinpikoen inguruan egin zituen filmek txundituta utzi ninduten ikasle nintzela, erabili zuen hizkuntza bisuala bere garairako oso aurreratua iruditu baitzitzaidan. Riefenstahlek Orson Welles eta Alfred Hitchocken maila zuela esan izan da, ez oso ozen badaezpada ere. Plano bakoitzak nazismoaren mezua sublimatzen zuen eta zein ondo sublimatu. Gerraostean behin eta berriz errepikatu zuen ez zituela dokumental haiek adostasun ideologikotik egin, zinemagile profesionala zela. Artista zela eta ez politikoa. Politika diseinua da. Estetika eta etika. Forma eta funtzioa.

1930eko hamarkadan «apolitikotasunak» ez zuen beste batzuk bezala erbesterako bidean jarri, eta ez zen Holywooden «zinemagile profesional» hori izaten saiatu. Bere «apolitikotasunean», Albert Speer eta Rudolf Hessen laguna egin, eta Hitleren gertuko zirkuluan sartu zen. Haren filmak propaganda funtzioa betetzeko diseinaturiko lanak izan ziren arren, gerraostean Riefenstahl haien forma funtziotik banatzen saiatu zen, eta horrekin gelditu. Aliatuek irabazitako mendebaldeko munduak onartu egin zuen. Apur bat. Ez erabat.

Nazismoak eragindako lilura onartu, baina zein puntutara heltzen zen ez zekiela zioen alemaniar askoren argudioak ez zion gehiegirako balio izan. Diotenez, frantsesek jabetza guztiak kendu zizkioten, osasun mentaleko klinika batetik pasatu zen (desnazifikatzeko?), eta Afrikan bueltatu zen lanera, Nuba jendea argazkitan erretratatzearekin Europako basapiztiak kamerarekin jaso zituen egunak atzean utzi nahian.

Riefenstahl bezala artistak direla uste duten disenatzaileen txanponaren beste aldean, diseinatzaile direla sinetsarazi diguten «artistak» (sic) ditugu. Emozioak transmititzea diseinuaren helburu dela uste duten horietarikoak dira batzuk, eta beste batzuei egoak ez die testuingurua diseinuaren abiapuntu dela ikusten uzten. Oinak non dituzun ikusten uzten ez duen tripa da egoa. Artea ulertzeko testuingurua garrantzitsua bada, diseinuak ezin du testuingurutik at funtziorik bete. Gure oztopoetatik abiatuta, gizakiok ditugun mugak gainditzeko balio behar du. Bilbo bezalako hiri euritsu batean kristalezko zoru busti batean irristatzeagatik aldaka hautsi gabe ibaiaren alde batetik bestera igaro ahal izateko, adibidez.

Testuingurutik atera eta diseinua museo batean sartzean bere jatorriko funtzioa betetzeari utzi dion forma, esanahi eta adierazpen hori agian artetzat har liteke. Jatorrikotik desberdina den beste funtzio bat du akaso. Eta ondo dago horrela.