Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Ez dira futbola eta politika nahikoa nahasten

Zenbat aldiz entzungo genuen:"ez dira futbola eta politika nahastu behar". Gizonezkoen Espainiako Futbol Liga Profesionalean. Jokalariek zelaian hitz egiten dute eta prentsaurrekoetan, partidaz partida joan behar dela esatera mugatzen dira. Ez dago arerio txikirik. Hiru puntuak oso garrantzitsuak dira. Gutxitan ezagutzen dugu beraien iritzia beste ezertaz. Zalantzan jartzen dugu beste zerbaiten inguruan iritzirik ba ote duten.

Elkartasun kanpainetan parte hartzen dutela esango didate batzuek. Nazioarteko egun dena delakoan botatzen dutela asmo oneko zerbait sare sozialetan (AKA beraien plataforma mediatikoetan). Ospitaletara joaten dira haurrak bisitatzera. Eta hori badela gizartearekin inplikatzea, hori badela gizartean diren errefentzia baliatzea. Ez dira ia inoiz gai polemikoak. Denak gaude minbiziaren kontra. Ez ditu ezerk politikoki markatzen. Ez dute gure jarrerak zalantzan jartzera behartzen. Ez beraien jarrerak, ez kontrako zein aldeko zaleenak. Norbanakoa ezabatua izaten da harreman publikoen eremuan.

Ez da beti honela. Kanouté-k Palestinaren aldeko kamiseta erakutsi zuenekoa gogoratu dut. Gure inguruan, Kortabarria eta Iribarren ikurrinarena da beharbada momenturik esanguratsuena. Izan dira beste gutxi batzuk. Realeko hainbat jokalari presoen aldeko manifestazioaren alde edo Agirretxe eta Illarramendi Zubietako errauskailuaren kontra agertu zirenekoa besteak beste.

Azkeneko astean Zozulya ukraniarren aferaren berri izan dugu. Betiseko aurrelariak Rayo Vallecano-n utzita jokatzekotan egon da, baina Vallecas-eko zaletuen presioaren ondorioz, ez da Madril aldean arituko. Zergatik? El País-ek kontrakoa esaten duen arren,  badirudielako Zozulyak ultraeskuin ukraniarra babesten duela. Eta hori, balore jakin batzuk dituen Rayo Vallecano bezalako talde baten zaletuentzat, onartezina da. Nik ere ez nuke nire taldean onartuko. Ideologia desberdin ia guztiak onar ditzaket. Ultraeskuina ez dago horien artean. Zer egingo diot.

Garrantzitsua iruditzen zait baloreena. Futbola beti egongo da dagoen lekuan jarri duen gizartearekin zorretan. Eta bueltan, denborapasa eta emozioez gain, ematen diona baino gehiago eman beharko lioke. Ez bakarrik harreman publikoek kontrolatzen dituzten kausetan. Benetan gizartearentzat aurrerapauso bat suposatzen duten haietan ere bai. Eta ondo sentiarazten duten esloganetatik haratago, ekintzak dira behar direnak. Benetako inplikazioa suposatzen duten ekintzak, pertsonalki eta instituzionalki, erosotasunetik ateratzen dutenak. Gustatu ala ez, ez pentsa honek bereziki pozten nauenik, futbolariak kanpo eredu nagusienetako bat dira heziketarentzat garrantzitsuak diren urte batzuetan zehar. Eta beste alor batzutan aktibismoak eta "fandom" fenomenoek elkarrekin nola funtzionatzen duten ikusi eta gero, tontakeria bat ematen du, baina ez da hain tontakeria.

Nire ustez, esaten denaren kontrakoa da. Ez dira futbola eta politika nahikoa nahasten. Eta horregatik ditugu Zozulyaren istorio honek jaso dituen erantzunak. Eta aurretik ikusi ditugun beste erantzun batzuk. Garrantzia handiagoa hartzen dutelako kornerretan sartzen dizkizun tipoaren golek, guztia eman dizun gizartea hobetzea baino.

Erantzukizun sozial bat dago eta gizonezkoen futbolak erantzukizun sozial horri uko egiten jarraitzen du.

1. Betiseko jokalarien eta Espainiako barne ministroaren babesa.

Babesa ez denean, isiltasuna. Gogoratzen? Ruben Castro.  Paul Abasolo. Enrich eta Luna. Tribuaren "gu eta gutarrismoan" parapetaturik, normaldu egiten ditugu nazismoa, tratu txarrak eta bortxaketa. Astebururo arerioaren atean sartzen dituzten golen izenean, gure defentsaren intetsitatea jeitsi egiten dugu. Sekulako golak sartzen dizkiote gure kontzientziari. Babestua izan behar ez lukeena babesteaz gain, ez gara benetan babestu beharko genukeena babestera heltzen.

2. La Liga-ko presidentea den Javier Tebas-en adierazpenak nazismoa eta homosexualitatea parean jarriz.

Nik Javier Tebas kortozirkuitatzen duen futbol hori nahi dut: neonaziak baztertu eta homosexualak onartzen dituena. Gogora datorkit Galeseko errugbi taldeko kapitaina zen Gareth Thomas. Eta emakumezkoen futboleko hainbat jokalari. Eta atleta transgeneroa.

Lagun bati esan nion aurreko batean: sekulako poza hartuko nuke gizonezkoen ligako lehenengo jokalari publikoki homosexuala Realekoa balitz eta klub eta zale bezala gure erantzunak ate gehiago irekiko balitu. Beste batzuei. Beste nonbait. Edozein titulu baino baliotsuagoa litzateke hori.

Zoritxarrez, neonaziak, erasotzaileak eta bortxatzaileak babestera (eta Rubén Pardo, Realak Betisi utzi dion jokalaria bezala, babesten dutenak babestera) beharturik egotea gertuago ikusten dudan errealitate bat da.

Eta begira, ez nago prest.