Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Estatu emozionalak

2017ko urriaren 8an Berrian argitaratutako artikulua.

Espainiako gobernu emozionalak Marcelinoren golaren propioa zirudien «furia española» batekin umiliazio eta indarkeriaren brigadak bidali zituen Piolinen barkuan Katalunian Silvestrerena egitera. Espainiako progreek emozioak baliatu zituzten aurreko asteetan independentistei homeopatia politikoa errezetatzeko: inork sinetsi eta irentsi ezin izan dituen Mr. Wonderful «elkarrekin hobeto» kariño eta glukosa adierazpenak. Nik ere nire emozioak izan ditut. Gorrotoak mugitutako indarkeriak sekulako beldurra eragin dit eta homeopatia politikoak, homeopatia guztiak bezala, bereziki haserretu nau. Poliziaren jipoiek min handia ematen dute, zalantzarik ez, baina «munduko hiritarrek» tontotzat hartzeak ere sortzen ditu bere ubeldurak.

Espainiak Kataluniari eskainiko dion bakarra Felipe erregearen diskurtsoaren atzean zegoen Karlos III.aren begirada harroa dela dirudien une honetan, poliestirenozko «auskalo» handi batek ez dit ia ezer ikusten uzten. Prozesuak aurrera egingo balu eta Katalunia beharrean «Piruletaren Herrialdea» balitz, zibilizazioak sortzeko estrategia bideo-jokoen partida hasierako zirrara ikusi beharko genuke hemendik gutxira. Baina nire susmoa da prozesu honek orokorrean gehiago duela Lemmings bideo-jokotik Age of Empires-etik baino.

90eko hamarkadan nirea baino bizitza probetxugarriagoa izan zenutenei azalduko dizuet Lemmings bideo-jokoaren puzzleen helburua izaki suizida batzuk, bidean amildegietatik behera bota zitezen saihestuz, puntu batetik bestera eramatea zela. Horretarako, lanean jarri behar ziren lemmingak, zuloak egiten, lemming trafikoa zuzentzen, egiturak eraikitzen. Gutxieneko lemming kopuru bati salbaziorako bidea egin behar zitzaion, game over bestela.

Jokoan aurrera egin ahala, gero eta konplikatuagoak ziren puzzleak, gero eta lemming gehiago zeuden pantailan, gero eta denbora gutxiago erabakiak hartzeko, gero eta maizago suizidatzen ziren lemmingak, gero eta zailagoa zen lemming kopuru nahikoa salbatzea. Ozta-ozta heltzen ginen lemmingak eta gu hurrengo pantailara, drama hura guztia berriz ere bizitzeko.

Sentsazio hori daukat Kataluniako prozesuarekin. Age of Empires-en estrategia eta planena baino gehiago, puntu batetik bestera heltzeko lemming agoniaren antza duela. Age of Empires-etik zerbait badu, partida aurreratua zegoenean suertatzen zen inprobisazio artegagarri hori da. Bizilagunak bere ejertzitoa zu inkordiatzera bidaltzen duenean edo biztanleak entretenituta eta isilik egoteko zirku bat eraikitzeko sekulako inbertsioa egin ostean, azpiegitura eskasak eta kutxa publikoa hutsik daudela izurrite bat sortzen denean bizitakoa. Guztiak erori gara noizbait hispaniar kudeaketa estiloan. Plazaratuko zen eta ni enteratu ez, baina ez dakit, eta ez dakit beraiek dakiten, Age of Lemming Empires katalanean, katalanek nolako Katalunia nahi duten. Nolakoak nahi dituzten egiturak, banaketak, zerbitzu publikoak. Estatu zentralista bat nahi duten ala federala eta zeintzuk izango diren konstituzioaren oinarriak, konstituziorik baldin badago. Feminista izango den. Ejertzitorik izango ote duen. 1975-78ko trantsizioaren bertrantsizioa egin nahi duten ala trantsizioaren zazpi buruko monstruoa hiltzen saiatuko diren behingoz.

Niri ere ez zait oraindik aurreko igandeak eragin zidan beldur, haserre eta hunkigarrismoa pasatu. Eta ez naiz nor katalanei zer egin behar duten esateko. Ez dago dena beraien esku ere. Ereduen inguruko pedagogia eta proposamenak ahalik eta azkarren egiteari garrantzitsua deritzot, besterik gabe, Espainia den estatu emozional horrengandik independente eta, batez ere, desberdin izateko. Independentziaren pantailara helduz gero, high score-en azken postuetan sartzen saiatzeko behintzat.