Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Durango estatistiken arabera

2017ko abenduaren 3an Berrian argitaratutako artikulua.

Abendua da Durangon. Autoek errepidea zeharkatzen dute, gelditu gabe. Zertarako gelditu. Gutxi batzuk dira ordu honetan. Eta beste edozein momentutan. Ez dirudi errepidea inondik datorrenik, ez inora doanik ere. Errepideak ez du ezer ezerekin lotzen. Zeharkatu besterik ez du egiten. Ezerezetik ezerezera.

Leihotik begira dagoen aurpegi bat da herrian dagoen bizitza seinale bakarra. Begiak kliskatu dituelako dakigu bizirik dagoela. Ezin jakin zer pentsatzen duen, deituz gero ba ote dagoen bere buruaren atea irekiko digun norbait. Ala bizitzen jarraitzeko lan pisutsua hartzeari utzi dion.

Estatistiketatik atera dezakegu nor den. Hogei pertsona bizi dira Durangon. Hamar etxe daude. Sei familia. Haietatik %20 (familia bat), pobreak eta ez hain pobreak banatzen dituen meridianoaren alde ilunenean bizi dira. Bestean ere ez du eguzkirik ematen baina meridiano bat da eta hor dago, banaketak egiten, herrian gauzak antolatzen. Pobreak alde batean, pobreagoak bestean. Durangon bakarrik bizi diren adineko pertsonak bi dira baina lasai egon gaitezke, hiltzen direnean beste batzuk izango dira estatistikan beraien lekukoa hartzeko.

Emakumea estatistiketan dago oraindik leihora begira. Nola heldu zen herri eta etxe honetara libururik gabeko bere etxeko apalen gainean dauden argazkiek kontatuko dute akaso. Ziurrenik ez. Hemen kanpotik ez da ezer ikusten baina gauzak irudika daitezke. Bere senarra zena agertuko da argazki gehienetan, lagunekin batera arrantzan jasotako piezak harrotasunez erakusten. Bakarren batean ikusi ahal izango dugu bera, urte batzuk gazteago, lagunik, piezarik eta harrotasunik gabe, familiarekin. Apaletan ez dauden liburuek elikatu ez zuten irudimenak sortu ez zituenak ez ditu faltan sumatuko.

Errepidearen beste aldean dagoen etxearen bazterrean bizikleta arrosa bat dago lurrean botata baina 2015eko erroldaren estimazioaren arabera, 2017an ez da tamaina horretako bizikleta bat erabiltzeko adina izan dezakeen inor. Ezta kolore horretako bizikleta bat erabiliko lukeen generoa duen inor ere, marketinak ezarritako arau soziokromatiko absurdo eta kaltegarriei erreparatzen badiegu. Bisitan dagoen norbaiten bizikleta izango da, beste herri bateko estatistiketan agertzen den norbaitena. Udatik hona garajeren batean gordeta egongo zen baina haurrek duten aroz kanpoko gauzak egiteko joera horrek kalera atera du bizikleta. Berrehun eta berrogeita hamar metro baino gehiago ez zituen egingo porlan izoztu gaineko bizikletaren jabeak abenturan eta horrekin nahikoa izango zuen. Burugogorkeriak denbora egiteko balio du baina ez du bereziki entretenitzen. Ezagutzen duen horren babesera itzuliko zen. Hamaika bider ikusi duen marrazki bizidunen DVDa jarri hamabigarren aldiz.

Gizon batek elizaren aldamenean gelditu du autoa. Berrogeita sei urte inguru ditu, herriko biztanleen batez besteko adina. Bigarren mailako ikasketak egin zituen, gehienek bezala. Horrekin ere ez du gauzak zergatik gertatzen diren ulertzea lortu. Irratia eta berogailua pizturik utzi ditu. Jarri duten abestia amaitu arte geldituko da. Esatariak iazko arrakastetako bat izan zela esan du. Urtebeteko atzerapenarekin dabil baina ez du oraina zertan den asmatzea lortu inoiz. Herritik alde egin zutenen Arrakasta Handien bigarren bolumena aterako zen dagoeneko. Arrakasta arrotz zaio beti beste norbaitena delako. Ezin du autoa hartu eta hara joan. Ezin du irratia denboran atzerantz eraman.

Berehala ilunduko du egunak. Estatistiken arabera, Durangon 25.000 pertsonak batez besteko 65 euro gastatuko duten abenduko egun bat. Baina Durango honetan ez dago nork, ez dago non, ez dago zertan. Beste Durango batean izango da. Iowa-ko Durango ez den beste Durango batean.