Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Cottage zaharretik

Denbora daramat cottage zaharraren kontzeptuaren inguruan bueltak ematen.Testuinguru metaforiko horretan partekatzen ditut Mastondonen astero ikusten ditudan pelikulak. Erosotasun eremu bat da, egoera mental moduko bat. "Nire etxeko sofa" errealistegia baino iradokitzaileagoa iruditzen zaidan zerbait. Batzuetan batek errealismotik apur bat ihes egin nahi du.

Denbora daramat ere newsletter bat izatearen ideiari bueltak ematen. Nire dilemak eragin dizkit, ez pentsa. Alde batetik webgune honetara harpidetzeko beste modu bat bezala ikusten dut. RSS-a konpondu beharrean nago (ea lortzen dudan) eta sare sozialak oihan bat bilakatu dira. Baliteke zenbaitentzat emailean gauzak jasotzea erosoagoa izatea. Eta ni erosotasunaren oso alde nago beti. Gainera, bestelako formatu epistolarragoekin trasteatzeko aukera eman diezadake. Beraz, hemengo idatziak eta hilabetean behin Berriako zutabeak jasotzeaz gain, baliteke postontzian gauza gehiago aurkitzea.

Newsletterra sortzeak dilemak sortu dizkidala esan dut eta egia da. Zerbait itxi eta norabide bakarrekoa delako, nahiz eta hori gainditzeko estrategiak ikusi ditudan, Telegram tarteko. Bigarrenik, behin bidalita ez dagoelako atzerabueltarik eta ni behin betikoen oso beldur naiz orokorrean. Eta azkenik, zein plataformatan egitea ere buruhauste bat izan da. Tinyletter itxi dutelako, Substack-en naziak daudelako eta ez naizelako nire kasa horrelako zerbait programatzeko gai. Azkenean, Wordpress lagun (eta batzuetan etsai) zaharra sartu da tartean, duela gutxi newsletterrak sortzeko aukera eskaintzen hasi delako bere .com webguneetan. Honekin hasiko naiz beraz eta gero gerokoak. Asmo handirik gabeko esperimentu bat besterik ez da.

Tira, hau guztia esateko "Cottage Zaharretik" newsletterra sortu dudala eta harpidetu zaitezketela nahi baduzue. Non? Hemen.