2018ko apirilaren 22an Berrian argitaratutako artikulua.
Virginie Despentesek elkarrizketa batean aipatu zuen horoskopoagatik jendea sailkatzea, gizon/emakume eta zahar/pobre kontzeptuen arabera egitea baino finagoa iruditzen zitzaiola. Hamabi urte zituenetik egunero irakurtzen omen du horoskopoa. Ez dio funtzionatzen etorkizuna asmatzeko, baina horrek ez du axola handirik jendea sailkatzeko balio diolako. Eta balio hori ulertu dezaket. Zergatik ez.
Teorian denak gaude pertsonak sailkatzearen kontra eta teorian inork ez du sailkatua izan nahi izaten. Sailkatua izatea onartzekotan, inoiz ez da jarri diguten etiketapean. Errebelatu egiten gara, jarri gaituzten apaletik jaitsi nahi dugu. Ez gaude eroso; ñabardurak, ezerk baino gehiago definitzen gaituzten «bainak», sartu nahi ditugu. Baina egia dena zera da, guk geuk jendea sailkatu egiten dugula eta gehiago esango nuke, jendea eta geure burua sailkatu behar izaten dugula egiten dutena zergatik egiten duten eta dugun, emaitza kaxkarrekin bada ere, ulertzen saiatzeko. Horretarako zodiakora jotzea aldebreskeria bat dela ez dago ukatzerik, baina benetan halakoak dira batzuetan portaerak, aldrebesak, nerabe aldizkarietako nortasun testen emaitzak bezain zentzugabe eta, gure espanturako, unibertsalak.
Unibertsaltasun hori jasotzen saiatu zen Rosa Lyster kazetaria zoritxarrez gehiago eguneratuko ez den The Hairpin aldizkari digitalean argitaratu zen «Astrologia gezurra da baina...» hamabi artikuluko sorta dibertigarrian (oraindik online dago irakurri nahi baduzu). Aitortzen dut «astrologia gezurra da baina tauroek aldaketa gorroto dute» irakurtzean hartzen ari nintzen tea sudurretik sartu zitzaidala eta nire barrea apur bat urduritu egin zela pentsatzen jarri eta bai, naizen tauro honek aldaketak gorroto dituela bere ordenagailuaren pantailari onartu behar izan zionean.
Artikulu interesgarria idatzi zuen Julie Beckek The Atlantic-en zodiakoarengatik gaur egun dagoen interes berritu honen inguruan. Millenial kulturan bere lekua berreskuratzen ari da, batzuetan erabilera ironiko posmoderno batetik, bestetan adimen artifizialak guztia aurreikusteko duen sistemaren alternatiba irrazional gisa. Teknoptimismoaren optimismoa, edozein optimismo motarekin gertatzen den bezala, beste optimismo batekin garaitu behar delako.
Astrologiak funtzionamendu logiko bat du (zeinuen banaketa, planeten alineazioa) baina hortik garena eta gertatuko zaiguna azaltzen hasten denean eta arrazionala «narrazional» eta fikziozko bihurtzen duenean hartzen du indarra.
Ez gaitezen gehiegi kezkatu ere: indar efimeroa da. Ikerketen arabera, irakurle asko izan arren, ez du ia inork horoskopoan sinesten eta ez du inork bere jokabidea irakurritakoaren arabera aldatzen. Zentzu honetan, homeopatiazale edo wifi uhinen beldur direnek baino sen hobea erakusten dute horoskopo irakurleek. Bestelakoa dirudi ondo idatzitako horoskopoek egiten duten bat-bateko ekarpen sasi-literarioa: ezezagun batek segurtasun eta zirrara falta duen ni bati guraso baten ardurarekin edo niri ezinezkoa zaidan optimismoarekin zuzentzeko gaitasunak liluratu egiten nau. Unibertsala dena (maitasuna, lan aukerak, eztarriko mina) pertsonala egiten du. Ni hori bi dataren artean jaiotakoak hartzen dituen ni jendetsu samar bat dela ahatzarazi.
Horoskopoaren aurreikuspenak utzitako optimismoa eguneroko beste berri apokaliptikoak irakurtzen jarraitu edo orokorrean, gure bizitzekin jarraitzen dugunean, galdu da.
2009 amaieran atera zuen BERRIAk bere azkeneko horoskopoa. Zera zioen nire zeinuan: «Pentsatu duzu urte berrirako desioren bat? Benetan eskatuz gero, datorren urtean bete egingo da». Ez dut uste ezer eskatu nuenik, ezer bete zenik. Tauro bat naiz eta egia da, ez zaizkit aldaketak gustatzen.