Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Abentura handiak

Ederki amaitzen dugu urtea, ETAren atentatu berri batekin (gure poltsikotik ordainduko duguna, portzierto). Mila esker gure ekonomiari egiten duzuen kontribuzio paregabeari, mutilak. Baina hurrengoan, eta aurreko batean esan nizuen bezala, Xbox-a erosi eta zuen artean moldatu. Sekulako grafikoak dituela esan didate.

2008ak aldaketa handiak ekarri ditu nire bizitzan. Gaur urtebete, Goiok telefonoz deitu zidan "aurrera" esateko. Handik 3 hilabetetara (2 t'erdi agian), La Personnalité sortu genuen, gure abenturarik handiena. Eta tira, esan beharra dago, nahiko pozik gaude emaitzekin.

2009 honek zer ekarriko digu? Auskalo. Arlo pertsonalean, nire betiko oreka desorekatuan bizitzen jarraituko dut ziurrenik. Idazten hasi beharko nuke behingoz. Dispertsioa amatatu eta buru belarri sartu. Ezin dizut ezer zin egin, laztana. Promesak betetzen ez dituen horietarikoa naiz.

Horrez gain, eta oreka desorekatuaren inguruan, pixkanaka neure burua berreskuratu nahi nuke. Oraindik zertxobait bahiturik dudalako. Ez naizelako erabat ni, eta ez dut hori gustuko. Lasaitu, umorea berreskuratu eta ilusioei hautsa kendu. Hori da behar dudana.

Arlo profesionalean, ez dakigu oraindik zenbaterainoko eragina izango duen krisiak gugan. Baina intelijentziaz jokatzen ikasi beharko dugu. Telefonoak "ring" egiten ez badu, birziklatzeko eta ikasten jarraitzeko (proiektu bakoitzean egiten saiatzen garen zerbait) aprobetxatu denbora. Krisi egunak aukeraz beterik datozelako gehienetan.

Zuei ere onena opa dizuet. Ea denon artean urte on bat eraikitzen dugun.

Muxu handi bat.